Positiboen kopuruak beherantz jarraitzen du Hego Euskal Herrian

Anartz Izagirre 2020ko aza. 28a, 15:00

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo baino datu baikorragoak eman dituzte gaur, zapatua, COVID-19aren inguruan. Atzo, 14.291 PCR eta antigeno proba egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak Hego Euskal Herrian, eta horietatik 722 pertsonak eman zuten positibo. Beraz, herenegun baino 63 kasu gutxiago hauteman dituzte lau lurraldeetan, eta duela astebete baino 279 kasu gutxiago.

Positiboen tasan ere nabari da jaitsiera; izan ere, %3,9ra jaitsi da Nafarroan eta %5,3ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman dituzte kasurik gehien: 309. Gainontzeko lurraldeetan honakoak izan dira datuak: Gipuzkoan 233, Nafarroan 104 eta Araban 73. Asteburuetan ez du herriz herriko datuen berri ematen Osasun Sailak.

Ospitaleratzeei dagokienez, berriz, 47 pertsona sartu zituzten atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta Zainketa Intentsiboko Unitateetan (ZIU) 130 pertsona daude. Nafarroako Gobernuak gaurkoan ez du ospitaleratzeen gaineko informaziorik eskaini.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide