Osasun Sailak egunero argitaratzen duen txostenaren arabera, badirudi egonkortzen ari dela Koronabirusak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen eragina; baita Urola Kosta eskualdean ere. 22 kasu berri atzeman zituzten atzo eskualdean; hain zuzen ere, duela astebete atzemandako kopuru bera. Duela aste batzuetatik hona jaitsiera nabarmena izan da eta, azken egunetan, zifrek mantentzera edo jaistera egin dute.
Aipatzeko moduko datua da Azpeitia semaforo gorritik laranjara igaro dela. Alegia, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500etik jaitsi da. Zehazki, 491,53koa da tasa gaur-gaurkoz. Dena den, aurreko astelehenean baino bi positibo berri gehiago atzeman zituzten atzokoan: lau izan ziren.
Azpeitiarekin batera, Zarautz da argi laranja duen eskualdeko beste herria. Aurreko astelehenean jaitsi zen hango intzidentzia tasa 500etik, eta azken datuen arabera, 381,96ko intzidentzia tasa du orain. Gertuago dago, beraz, argi horitik, gorritik baino. Sei kasu berri atzeman zituzten atzo Zarautzen, aurreko astelehenean baino bat gehiago, eta azken egunetako joerarekin alderatuta, altuxeagoa da atzo atzemandako positibo berrien kopurua herri horretan ere.
Zumaiaren kasuan, duela aste batzuk ia 2.000ko intzidentzia tasa izatetik, 162,85ekoa izatera igaro da. Dena den, azken aste osoan gehienez ere kasu bakarra atzeman dute egunero, eta atzo hiru izan ziren atzemandako kasu berriak.
Txanponaren beste aldean daude Azkoitia eta Orio. Biek ala biek semaforo gorrian jarraitzen dute. Bi kasu atzeman zituzten atzo Orion, duela astebeteko kopuru bera; Azkoitian, berriz, bost izan dira zenbatutako kasu berriak. Duela astebe atzemandako 11 kasuen aldean zifra baxua bada ere, intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du: 750,69.
5.000 biztanletik beherako eskualdeko herriei dagokienez, apalak dira oso horietan atzemandako kasu berriak: Getarian eta Zestoan kasu bana zenbatu dute, eta gainontzeko herrietan ez da egon positibo berririk.
Positibotasun tasa eta ospitaleratzeak behera
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.693 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 486k eman zuten positibo. Azken datu horien arabera, positibotasun tasa puntu bat baino gehiago jaitsi da; %6,9tik %5,6ra. Bizkaian 222 kasu baieztatu zituzten atzo, Gipuzkoan 186 eta Araban 71.
Gaur-gaurkoz, koronabirusarekin lotutako arrazoiengatik 371 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; horietatik 131 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Atzo 42 ospitaleratze berri izan baziren ere, ospitalean dagoen jende kopuruak nabarmen egin du behera, atzo 418 baitziren ospitaleratuak.
Nafarroako Gobernuak ez du oraindik datu ofizialik eman, baina bai aurrerapen bat. Horren arabera, 69 positibo atzeman zituzten egindako 1.452 probetan. Positibitate tasa %4,8koa da Nafarroan, datu hauen arabera.