Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo baino datu baikorragoak eman dituzte gaur, larunbata, COVID-19aren inguruan. Atzo, 8.041 proba diagnostiko egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 520 pertsonak (%6,5) eman zuten positibo; 90 Araban, 233 Bizkaian eta 196 Gipuzkoan. Beraz, herenegun baino 82 kasu positibo gutxiago zenbatu zituzten atzo. Asteburuetan ez du herriz herriko datuen berri ematen Osasun Sailak.
Ospitaleen egoerari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira COVIDaren ondorioz 33 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, herenegun baino zazpi gutxiago. Osakidetzaren datuen arabera, COVID19a duten 130 pertsona daude Zaintza Intentsiboko Unitateetan (ZIU).
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, atzo 1.675 proba egin zituzten bertan, eta horietatik 101 izan ziren hautemandako positiboak, herenegun baino hiru gutxiago.