Pandemiaren bigarren olatua ari al da amaitzen? Oraindik birusa gure artean badago ere, datuek itxaropentsu egoteko arrazoiak ematen dituzte. Zumaian, beste egun batez, ez zuten positiborik detektatu atzo. 91,60koa da intzidentzia tasa atzoko datuak kontuan hartuta, eta beraz, eremu horian jarraitzen du Zumaiak.
Atzo, orotara, bederatzi kasu detektatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdean, eta herri guztietan itzalita dago semaforo gorria.
Zarautzen izan zituzten atzo kasu gehien, sei, eta Azkoitian, Azpeitian eta Orion kasu bana izan zituzten atzo. Zumaian bezala, eskualdeko gainontzeko sei herrietan ez zuten positiborik izan.
100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuei dagokionez, eskualdeko herri guztietan itzali dute semaforo gorria, eta Azkoitiaren kasuan horira pasa de egun bakarrean. 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, Azpeitia eta Zarautz laranja kolorez jarraitzen dute, eta, Azkoitiarekin batera, Orio eta Zumaia horiz.
Hego Euskal Herriko datuei so eginez, positibo kopuruak behera egin du. Egia da, baita ere, proba gutxiago egin zituztela atzo. Hala ere, 430 positibo zenbatu zituzten lau lurraldetan: 81 Araban, 140 Bizkaian, 145 Gipuzkoan eta 61 Nafarroan.
Ospitaleratutakoei dagokionez, 542 pertsona daude ingresatuta, eta 155 Zaintza Intentsiboko Unitateetan.