Ez dute koronabirus kasurik atzeman azken orduetan

Andoni Elduaien 2020ko abe. 9a, 13:55

Hirugarren egunez jarraian, ez dute kasurik zenbatu Zumaian egindako PCR eta antigeno probetan. Eremu horian dago, baina 91,60 intzidentzia tasarekin, Zumaia da eskualdean eremu berdea gertuen duen herria. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, ez dute koronabirus kasu berririk zenbatu atzo, asteartea egindako PCR eta antigeno probetan. Kasurik zenbatzen ez den hirugarren eguna da jarraian, eta nahiz eta eremu horian egon, 91,60ko intzidentzia tasarekin Zumaia da eskualdean berdea gertuen duen herria. 

Eskualdean sei kasu positibo zenbatu dituzte: lau kasu Azpeitian eta bi Azkoitian. Eguneko positibo kopuruak nabarmen egin du behera azken asteetan, eta nola ez, baita azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere. Azpeitia da gaur-gaurkoz 5.000 biztanle baino gehiagoko eskualdeko herrien artean eremu laranjan jarraitzen duen bakarra; intzidentzia tasak behera egin du apur bat han ere atzoko datuarekin alderatuta, eta egun 371,97koa da. Azkoitia, berriz, egun gutxian eremu gorria izatetik horia izatera igaro da; hala eta guztiz ere, urrun du oraindik ere eremu berdea. 250,23koa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz Azkoitian, eta eremu berdean sartzeko tasak 60koa baino baxuagoa izan behar du.

Orion 247,48koa da intzidentzia tasa, eta Azkoitiaren eta Azpeitiaren artean dago Zarautz, 287,54ko tasarekin. Hala eta guztiz ere, lehen kasua eskualdean zenbatu zutenetik 4.044 herritarrek eman dute positibo PCR edo antigeno probetan.

536 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, bestalde, 536 kasu atzeman zituen atzo Osasun Sailak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.234 test diagnostiko egin zituzten PCR eta antigeno proben bitartez, eta horietan 450 positibo baieztatu zituzten. Lurraldeka aztertuta, berriz, Bizkaian detektatu zituzten kasu gehien: 227 kasu guztira. Gipuzkoan, bestalde, 143 kasu zenbat zituzten eta 73 positibo Araban. Hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren zazpi pertsonak ere eman zuten positibo. Nafarroan, bestalde, zertxobait gora egin dute kasuek. 1.057 proba egin zituzten atzo han, eta guztira 86 kasu atzeman zituzten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeen egoerari erreparatuz gero, ospitaleratzeen kopuruak gora egin du herenegundik. Atzo beste 38 pertsona ospitaleratu zituzten, eta guztira 388 pertsona daude “COVID-19a tarteko” ospitalean. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), aldiz, 125 lagun daude gaur-gaurkoz. Osasun Sailak, asteazkenero eman ohi duen moduan, azken asteko heriotzak ere jakinarazi ditu; 76 lagun hil dira, Osasun Sailaren arabera, “COVID-19a dela eta”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide