Gazte kriminalizazioaren inguruko eztabaida irekia prestatu du larunbaterako GKSk

Dorleta Agiriano Lai

Azaroaren hasieran aurkeztu zuten GKS Zumaian. (Urola Kostako GKS)

Torreberri gaztetxean egingo dute eztabaida saioa, eta aztergai izango dituzte "gazte kriminalizazioa eta, hori aitzakia hartuta, burgesiak langileriarengan ezarri nahi duen diziplina-prozesua".

Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak eztabaida saioa antolatu du larunbat honetarako, abenduak 12. GKSko kide Ane Ibarzabalek idatzitako iritzi-artikulu bat izango dute oinarri, hain zuzen, Gedar Langile Kazeta-k argitaratutako Gazteak kriminalizatuz langileria makurrarazten. Testu horretatik abiatuta, "gazte kriminalizazioa eta, hori aitzakia hartuta, burgesiak langileriarengan ezarri nahi duen diziplina-prozesua" izango dituzte eztabaidagai bertaratzen direnek.

11:00etan ekingo diote saioari, Torreberri gaztetxean: artikuluaren gaineko zenbait gako aurkeztuko dituzte lehenengo, horrekin bide emateko hausnarketari eta eztabaidari. "Erabaki arbitrarioen, Poliziaren kontrolaren edota identifikazioen gorakada bizi ditugun testuinguruan, hausnarketa politikorako espazioak sortzea premiazkoa da", adierazi dute GKSko kideek.

Larunbatean landuko den testua irakurri nahi dutenek, Gedar Langile Kazeta atarira jo dezakete.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide