Mugikortasun neurriak malgutzea eta tabernak zein jatetxeak irekitzea erabaki du Jaurlaritzak

Anartz Izagirre 2020ko abe. 9a, 21:49

Gaur, asteazkena, EAEko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea bildu da, eta Iñigo Urkullu lehendakariak larunbatean ezarriko dituzten neurriak iragarri ditu. Besteak beste, udalerrietako mugak kenduko dituzte eta tabernak eta jatetxeak ireki ahal izango dira 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 500dik behera duten udalerrietan.

Duela hilabete ezarritako neurriak malgutzea erabaki du gaur, asteazkena, EAEko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak. Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren bilakaera "positiboa" izaten ari dela, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 850etik 327ra jaitsi dela hiru lurraldeetan azken neurriak ezarri zituztenetik hona. Hori dela eta, aurretik ezarritako hainbat neurri aldatzea erabaki du batzordeak, eta larunbatetik aurrera indarrean izango diren hamar erabaki adierazi ditu Urkulluk.

Alde batetik, etxeratzeko ordutegia mantendu egingo dute, eta orain arte moduan, 22:00etarako herritarrek etxean egon behar dute. Hala eta guztiz ere, joan diren asteetan nabarmendu zuten moduan, abenduaren 24tik 25era eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era aldatu egingo dute etxeratzeko ordutegia, 01:30 arte. 

Bestalde, oraindik ere herritarrek ezingo dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik atera, abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra izan ezik. Horrez gain, udalerrien arteko muga kendu egingo dute, eta larunbatetik aurrera lurralde historiko osoan mugitu ahal izango dute herritarrek, abenduaren 23ra bitartean. Egun horretatik aurrera, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan ere mugitu ahal izango da.

Gehienez batu daitezkeen pertsonen inguruan, berriz, ez da aldaketarik izango, eta orain arte moduan sei pertsonako taldeak soilik batu ahal izango dira etxeetan zein kalean. Aitzitik, abenduaren 24an eta 25ean nahiz abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean hamar pertsona batzeko aukera izango da Gabon otorduetan. Horren harira, Urkulluk nabarmendu du otordu horietan gehienez ere bi etxebizitza unitate elkartzea gomendatzen duela batzordeak.

Horrez gain, abenduaren 21etik aurrerako Gabonetako ekitaldi jendetsu guztiak bertan behera geldituko direla nabarmendu du lehendakariak; beraz, jende asko batu daitekeen kirol probarik, desfilerik, jairik eta halakorik ezin izango da egin.

Ostalaritza, zabalik

Hilabeteren ostean berriro ere beren lokalak irekitzeko aukera izango dute ostalariek, betiere udalerriko 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 500dik beherakoa bada. Ostalariek terrazak jarri ahal izango dituzte —terraza horietan ez erretzea gomendatu dute—, eta lokal barruan ezingo da %50eko edukiera baino gehiago onartu. Era berean, bezeroek mahaietan eserita egon beharko dute kontsumitzen duten bitartean, eta ezingo da tabernetako barretan kontsumitu. Gainera, maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da uneoro, kontsumitzerako unean salbu. Tabernen eta jatetxeen ordutegia 20:00 artekoa izango da, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki —zerbitzu guneak izango dira salbuespenak—.

Kirolariei dagokienez, berriz, federatuta daudek sei pertsonako taldeetan egin ahalko dute kirola;  aldagelen edukiera %30ekoa izango da eta dutxen erabilera banakakoa izango da. Gainontzeko kirol jardueretan, ordea, orain arteko neurri berberak izango dira indarrean, urtarrilera bitartean behinik behin.

Bestalde, Gabonetan adinekoen egoitzetan "neurri bereziak" ezarriko dituztela nabarmendu du lehendakariak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide