Azken orduetan hiru koronabirus kasu baieztatu dituzte Zumaian

Andoni Elduaien 2020ko abe. 15a, 13:43

Azken bost egunetan zortzi kasu hauteman dituzte Zumaian. Eremu 'horia' da, baina aurreko astean baino urrunago du 'berdea' izatea.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldu duen txostenaren arabera, atzo egindako PCR eta antigeno probetan hiru positibo zenbatu dituzte Zumaian. Azken bost egunetan zortzi kasu hauteman dituzte, eta intzidentzia tasak gora egin du han ere; 122,14koa da tasa. Eremu horia da Zumaia, baina aurreko astean baino urrunago du eremu berdea izatea.

Eskualdean, guztira, hamasei izan dira zenbatutako kasuak. Zazpi kasu zenbatu dituzte Azpeitian, bina Azkoitian eta Zarautzen eta bana Orion eta Zestoan. Eskualdeko kasu guztien ia erdiak Azpeitian baieztatutakoak izan dira; zazpi positibo baieztatu dituzte han. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, gainera, gora egin du atzoz geroztik, eta eremu gorria izaten jarraituko du Azpeitiak. Asteburuko datuen ondoren, 571,24ra igo zen tasa atzo, eta gaur ia hogei puntu egin du gora, 591,17ra iritsiz.

Azkoitian eta Zarautzen, bestalde, bi kasu detektatu dituzte. 241,89koa da gaur tasa Azkoitian, eta beraz, eremu horian jarraitzen du. Zarautz, ordea, eremu laranja da, 343,33ko intzidentzia tasarekin. Orion eta Zestoan, aldiz, kasu bana zenbatu dute. Orion intzidentzia tasa 181,49koa da; zenbatekoak behera egin du, %197,99koa baitzen atzo. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, berriz, ez dute kasu bat bera ere atzeman.

Positibo gutxiago

Hego Euskal Herrian 522 kasu positibo baieztatu zituzten atzo, astelehena. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.853 test diagnostiko egin zituzten, eta 423 kasu positibo baieztatu zituzten hiru lurraldeetan. 95 positibo zenbatu zituzten Araban, 176 Bizkaian eta 147 Gipuzkoan. Halaber, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren bost lagunen positiboak ere baieztatu zituzten. Positibotasun tasa, beraz, %4,7koa da hiru lurralde horietan. Nafarroan, bestalde, 99 kasu positibo hauteman zituzten atzo egindako 1.753 PCR eta antigeno probetan. Positibotasun tasa, beraz, %5,6an kokatu da Nafarroan.

Gaur-gaurkoz, 355 pertsona daude Araba, Bizkai edota Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; atzo 38 lagun ospitaleratu zituztela jakinarazi du Osasun Sailak. Gaixo dauden pertsonen kopuruak behera egin du nabarmen, abenduko zenbateko txikiena baita gaur Osasun Sailak ospitaleratutakoen inguruan emandakoa. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) dauden pertsonen kopuruak ere behera egin du. Atzo 101 lagun zeuden ZIUn ospitaleratuta. Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak, ordea, gora egin du azken egunetan, eta gaur 1,03koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoa; Gipuzkoako tasa 1,00koa da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide