Martxan da Zumaiako Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzua, zortzi urteko prozesuaren ondoren. Azken hilabeteotan prozesuan eta harrera-gunea egokitzen aritu da udala, eta jakinarazi dute zerbitzua erabil daitekeela dagoeneko.
Herritarrek tramiteak egin ahal izango dituzte, eta hiru langile izango dira lanean horretarako. Besteak beste, sarrera-erregistroa, informazioa emateko zerbitzuak, errolda agiriak, zergen helbideratzeak, obra baimenake dota dirulaguntzen eskaerak egingo dituzte.
Iñaki Ostolaza alkatearen arabera, "herritarrei egokitutako zerbitzu hobeagoa ematea da asmoa, modu zentralizatuan ahalik eta zerbitzu gehienak harrera-gunean bertan kokatuta”. Bestetik, Izaskun Goikoetxea Pertsonal arloko teknikariak azaldu du bi helburu izango dituela zerbitzuak: herritarren eta udalaren arteko komunikazioa eta harremana erraztea, batetik; eta udal barruko administrazio prozedurak berrikustea eta arintzea, bestetik. “Barne lan handia eskatu du aldaketak, eta ahalegin handia egin dugu antolaketari dagokionez, sailen arteko ardura-banaketa eta antolaketa aldatu dugulako", gaineratu du Goikoetxeak.
Aurrez aurre zein telematikoki
Arreta zerbitzua astelehentik ostiralera 8:00etatik 14:30era izango da zabalik, baina ordutegi horretan bertaratu ezin dutenei arreta emateko ahalegina egingo dutela jakinarazi dute. Gainera, eskerak e-postaz ere egin ahal izango dira, udala@zumaia.eus helbidera idatzita. Telematikoki ere eskainiko dute zerbitzua, helbide honetan. Kontsultak egiteko, berriz, 943-86 50 25 telefono zenbakira deitu dezakete herritarrek.