2021ak baditu udal aurrekontuak

Juan Luis Romatet 2020ko abenduaren 18a

Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuen proiektua onartu zuen atzo udalbatzak, ezohiko saioan. Proposamenak EH Bilduren aldeko botoak jaso zituen; EAJk kontra bozkatu zuen, eta PSE-EE, aldiz, abstenitu egin zen. 

2021. urterako udal aurrekontuak onartzeko ezohiko plenoa egin zen atzo, udaletxeko bilkura aretoan. Osasun neurriak mantendu ahal izateko, bilkura murriztua izan zen, eta Zumaiako Udalean ordezkatuta dauden hamazazpi zinegotzietatik bederatzik hartu zuten parte: EH Bilduko bostek, EAJko hiruk, eta PSE-EEko zinegotzi bakarrak. 

Behin proposamena onartuta, 15,5 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak datorren urtean; 15 milioi euro udalaren aurrekontu propioari dagokio, eta beste 1,2 Kirol Patronatuari –bere aurrekontuko kopuru bat emango dio udalak patronatuari–. Aurtengo diru kontuekin alderatuta, udalaren aurrekontu propioa %9,7an igoko da; Kirol patronatukoa, aldiz, %9,4an jaitsiko da, Arantxa Gajate zinegotziak bilkuran adierazi zuenez. COVID-19ak izango du eragina aurrekontu hauetan: batetik, "udalaren diru sarreretan zein gastuetan aldaketak" eragin dituelako, eta bestetik udal zerbitzuen jardueran ere eragina izan duelako. "Garbiketa zerbitzua nabarmen indartu behar izan dugu, eta horrek gastuen igoera bat ekarri du, adibidez".

Sarrerei dagokionez, %4,36 gutxiago jasotzea aurreikusten dute zergetan eta tasetan, hauek izoztea erabaki ondoren. Foru Funtsetik jasotzen duen diru kopuruan beherakada izango dela ere adierazi zuen. "2021ean 6,7 milioi euro jasoko ditugu bertatik, iraz baino 543.397 euro gutxiago. Iaz Foru Funtsetik jasotako kopuruak aurrekontuaren %52 suposatzen zuez; 2021ean aurrekontu osoaren %44 suposatuko du". Xeyko lurzorutik eta Artadiko lursail batetik ere sarrerak egotea aurreikusi du Udal Gobernuak aurrekontuen proposamen honetan. 

Diru sarreretan beherakada izango dela jakitun, datorren urterako inbertsio batzuk atzeratzea planteatu dute. Mailegu batzuk ere eskatuko ditu inbertsio batzuk egiteko, eta horrek zorpetze maila %22ra igotzea ekarriko lukeela adierazi zuen Gajatek. "Zorpetze mailaren arauak %70ean jartzen du muga. Beraz, momentu honetan muga horretatik urrun gaude". 

Inbertsioetara 1,9 milioi euro bideratuko dituela azaldu zuen, iaz baino %12,97 gehiago. Hirigintza azterlanetara 115.000 euro erabiliko dituzte, Komentuko lorategia eta Erkibe eraikineko kanpoko belardia irekitzeko aztelanak egiteko; Aita Mari aretoko eraberritze lanen azterlana egiteko; eta Moilaberriko estazio zaharreko eraikinaren azterlana egiteko. Bide publikoak eta auzo bideak hobetzea, Oikiako saneamendu lanak egitea, eta Brankako eta Arrioakaleko larrialdietarako etxebizitzak egokitzea ere jasotzen du inbertsioen kapituluan. Zuntz optikoaren sare neutroa finantzatzeko, eta LED argiteriaren bigarren fasea gauzatzeko diru partidak ere jasotzen ditu kapitulu honek. 

Gastuetan, kontratazio berriak egingo direla azaldu zuen Gajatek: ofizial-igeltsero bat, diruzainaren urte osoko kontratazioa, eta idazkaritarako administrari berri bat. 

Defizita –657.072,31 eurokoa izango da 2021ean– aldundiak baimentzen duenaren azpitik dagoela nabarmendu zuen ogasun zinegotziak, eta Zumaiako Udalaren egoera ekonomikoa egonkorra dela ere nabarmendu zuen. "Aurrekontuak arlo ekonomikoaren ikuspegitik orekatuak dira, zuhurtasun printzipioan oinarritu ditugu, eta gainera egingarriak dira. Horiek izan dira gure irizpideak, eta lortuko dugulakoan gaude". 

EAJren ezezkoa

EAJko zinegotziek ezezko botoa eman zioten udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuen proposamenari. Pertsonal gastuen igoeraren atzean "azpikontratazioaren jaitsiera bilatzen du, ekonomikoki ekilibrio bat lortuz. Baina zenbakiak ikusita ez dugu horrelako emaitzarik aurkitzen. (...) Beraz, udal gobernuak ezarri duen helburua ez du bete. Baina gehiago kezkatzen gaituena da udal gobernuak bide honetatik jarraituko duela hainbat zerbitzu barneratuz. Emaitza hauek ikusita guk proposatutako Udal Baliabideen Azterketa are eta beharrezkoagoa da aldaketa hauek eta udalaren zerbitzu eskaintzari nola erantzun jakiteko", azaldu zuen Iker Mardaras zinegotziak.

Inbertsioetarako aurrekontuetan gordetako diru partidak ere hizpide izan zituzten jeltzaleek. "Udalaren aurrezki garbiak [inbertsioen] %15a bakarrik estaltzen du, aurreko legealdian bataz beste %75a egiten zuenean. Argi dago udalak aurrezkia sortzeko gaitasuna galdu duela eta EH Bilduk adierazitako 'norabide aldaketa' ez dela bide zuzenena aurreko maila komenigarria berreskuratzeko".

Zorpetzearekin eta udal patrimonioaren salmentarekin urtea salbatu dela azpimarratu zuen Mardarasek. "Ez dugu begi txarrez ikusten horretara jotzea, batez ere bizi dugun krisi egoera ikusita eta kontutan izanda udalak duen egoera ekonomiko ona eta zorpetze maila baxuarekin". "Guretzat", gaineratu zuen, "lehenbizikoa da udala bera, bere kudeaketarekin aurrezkia lortzeko gai izatea erabat jasangarria izateko. Publifikazio eta gastua finko bihurtzeko norabide honek udalak aurrean dituen inbertsioak burutzeko ahalmena ahultzen du eta beste erakundeen ekarpenen eta kanpoko baliabideen menpe uzten du. Zuhurtasunean jarri da aurrekontu hauen ipar-orratza. Baina udalaren gastua ez da bakarrik haunditu, baizik eta finkotu egiten da. Gauden krisi eta zihurgabetasun egoera honetan hori zurhurtasuna al da? Ez dugu kudeaketa honetan eredu jasangarririk ikusten, eta udalak izan dezakeen autonomia murriztu egiten du".

PSE-EEren abstentzioa

EAJk egindako irakurketaren hurre zegoela azaldu zuen PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonek. Hala ere, abstenitu egingo zela iragarri zuen. "Bizi dugun egoera honetan ez du udalaren jarduera oztopatuko. Garai desberdinetan bizi gara eta alde positiborik begiratu nahi dut".

2021erako udal aurrekontuak EH Blduren bost aldeko botoekin onartu ziren; EAJren hiru zinegotziek aurka bozkatu zuten, eta PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen.

EAJren enmendakina

Aurrekontuen enmendakina aurkeztu zuen EAJk. Zuzenketa honetan aurrekontuetan zazpi proposamen jasotzen zituen: Oikiarako bidegorriaren aurreproiektua idaztea; Algorrin itsasoak ekarritako plastikoak jasotzeko 'puntu berdea' ezartzea; Estazioan bizikletak uzteko aterpea sortzea; Santiagoko hondartzan, Erdiko haitzan, urte osorako komun publikoa eta behin betiko kantina egiteko proiektua idaztea; skate parka; udaleko zerbitzuen eta pertsonalaren behar errealen azterketa egitea; eta Larretxoko igogailua egitea. 

Proposamen honek jeltzaleen aldeko botoa besterik ez zuen lortu; EH Bilduk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide