Amaitu dituzte Arroa Beheko eta Meaga gaineko biribilguneak, eta aurrerantzean seguruagoak izango dira bidegurutze horiek. Zehazki, GI-631 eta N-634 errepideen arteko bidegurutzean (Arroa Behean) eta Getariatik datorren GI-3391 eta Zarauztik Iraetara doan GI-2633 errepideen arteko bidegurutzean (Meagan) egin ditu biribilguneak Gipuzkoako Foru Aldundiak. Amaitu berri dituzten bi obretan izan da Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua, eta bietan azaldu du “nabarmen hobetu” dela bide segurtasuna azpiegitura berriekin. “Bidegurutzeko mugimenduak ordenatzeaz gain abiadura mantsotzen da biribilguneekin”, esan du.
Arroa Beheko biribigunean Mikel Arregi Zestoako alkatearekin egin du agerraldia. Diputatuak zehaztu du “trafiko handiko gunea” dela bi errepide horiek elkartzen diren lekua. “Zumaiarako adarrean 5.000 ibilgailuko IMDa dago, AP-8rako trafikoa ere bertatik bideratzen delako. Kostako errepidean, aldiz, eguneko 2.000 ibilgailuko bataz besteko intentsitatea dago. Arrisku une ugari sortzen ziren ezkerrerako birak hartzerako orduan trafikoa gurutzatu egiten zelako”, azaldu du Oiarbidek. Zestoako biribilgune berriak hiru adar ditu, 50 metroko kanpo diametroa dauka, hamasei metroko diametroko barne erradioa eta lau metroko bi erraiek osatzen duten eraztuna. Adar horietako bakoitzak bi sarrera errei eta irteera errei bakarra ditu. Isleta deflektoreak ere egin dituzte, autoek abiadura moteldu dezaten biribilgunean sartu baino lehenago. Lanak apur bat luzatu badira ere, gustura agertu da emaitzarekin Oiarbide. Lau hilabete iraun du obrak, eta 508.000 euroko aurrekontuarekin egin dute.

Aldundiko ordezkariak, Mikel Arregi Zestoako alkatea erdian dela. (Aldundia)
Meagako gainean Haritz Alberdi Getariako alkatearekin, Aitor Urresti Getariako Udaleko oposizioko buruarekin eta Mikel Uribeetxeberria Plangintza eta Ustiapen zuzendariarekin egin du agerraldia Oiarbidek. Kasu horretan ere bide segurtasuna eta ikusgarritasuna asko hobetu direla nabarmendu du diputatuak. Horretarako, biribilgunea egiteaz gain, bidegurutze erdian zegoen Iberdrolaren dorre elektrikoa tokiz aldatu dute. Bestalde, biribilgune berriaren aurrean dagoen Elkano auzorako bidegurutzearen parean semaforo bat jarri dute, oinezkoen segurtasuna bermatze aldera; baita autobusentzako geralekua ere. “Getariak eragiten dituen trafikoak altuak ez badira ere, kostako errepidea moztuta dagoenean ibilgailu kopurua handitu egiten da eta, batez ere, autobus zerbitzuarekin arazoa sortzen da”, zehaztu du. “Getariatik Meagarako errepide honen ezaugarriak direla eta autobus txikiak erabiltzen dira. Kontua da orain arteko egoeran ezinezkoa zela Meagako gain honetan autobus batetik besterako transbordoak egitea, segurtasun baldintzak ez zirelako betetzen”.
Biribilguneak 35 metroko kanpo diametroa dauka, zazpi metro zabalerako eraztuna eta hogei metroko barne diametroa. Obra abuztu bukaeran esleitu zen 481.000 euro eta bost hilabeteko epearekin, baina aurreikusitakoa baino hilabete lehenago amaitu ahal izan dute.

Meagako biribilgunea, Azkue hoteletik. (Amaia Urbieta Arruti)