Kultur eduki digitalak pandemia garaian, the show must go on. Eta orain zer?

Erabiltzailearen aurpegia Maria Zubimendi 2020ko abe. 21a, 09:03

Ziurrenik huskeriatzat hartzen genuen erdi fikziozko pandemia honek gizartea osatzen dugun norbanako askoren bizitza jarri du hankaz gora egun batetik bestera. Nork esan behar zigun etxean sartuta egon beharko genuela, eta, batez ere, normaltasun ez normal honen barruan bizitzen amaituko genuela?

Koarentena fasean sartu ginenean mundua gelditu, baina sare sozialak behin ere ez bezala zebiltzan, jo ta fuego, inoiz baino kontzertu, antzezlan, liburu eta abarren gomendioekin bueltaka. Eta guk, noski, entretenimendua behar itxialdiari aurre egiteko, eta desesperazioan ez erortzeko. Batzuengatik eta besteengatik, funtsean, kultur jarduera guztiak digital bihurtu ziren egunetik gauera, etxeko sofatik ikusteko moduan inolako arazorik gabe, eta hori gutxi balitz, doan.

Lehen genuen askatasuna zentzu askotan eskuetatik kendu diguten garaian, argi dago digitalizazioa soluzio bihurtu dela kasu ugaritan, gizartean oro har eta kultur arloan ere bai. Ezin uka dezakegu zuzeneko bat streaming bidez partekatzeko aukerak bidea ireki duela bertan behera geratuko zen emanaldi bat aurrera ateratzeko, eta, era berean, bertara fisikoki joan ezin den horri birtualki egotea erraztu diola, edo edukiera mugatuarekin aurrera egitera derrigortuta dagoen emanaldi bat pandemia baino lehen izango zuen publiko kopuru bera izatera iritsi dela.

Baina ez dugu ahaztu behar, inondik inora ere, kulturaren kontsumo digital edo, azken finean, zuzenekoaren alternatiba bilakatu den horren atzean, itxita dauden antzokiak, museoak eta zinemak, bertan behera geratu diren kontzertuak, atzeratutako jaialdiak, kaleratu gabeko albumak, berriro irekiko ez dituzten musika aretoak, hilabete askotan ezer fakturatu ez duten profesionalak… Ia-ia aktibitaterik gabe gelditu den sektore bat ezkutatzen dela, oraina eta batez ere etorkizuna zein izango den arrastorik ere ez duen kultur sektorea, alegia.

Digitalizazioa baliodun tresna bihurtu da, eta hala izaten jarraituko du, baina ez dezagun ahaztu artistaren eta honekin batera lan egiten duten profesionalen lekua eszenatokian dagoela, ez dezagun ahaztu kultur edukiak online kontsumitzean egoera honek ekarritako injustiziak onartzen ditugula, ez dezagun ahaztu zuzenekoetara joaten ez bagara Zuzeneko Arteen sektorea eta zuzeneko kultur eskaintza desagertu egingo dela, ez dezagun ahaztu kultura desmaterializatzeak eta edukiak digitalizatzeak komunitatean elkarrekin kulturaz gozatzea galarazten digula. Kultura segurua da, kultura osasuna da, elkarrekin babestu dezagun.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide