Osasun Sailak kaleratutako azken txostenaren arabera, koronabirus kasu berri bat zenbatu dute azken orduetan Zumaian egindako PCR eta antigeno probetan. Hala ere, datuen bilakaera ona dela esan daiteke, aurreko bost egunean ez baitute positiborik atzeman.
Urola Kostan, berriz, hamabost izan dira zenbatutako kasuak. Udalerrika, Zarautzen atzeman dute kasu gehien: sei kasuren berri eman dute gaur, eta azken bost egunetan hamasei dira herri horretan zenbatutako kasuak. Hala eta guztiz, 197,42 da Zarauzko intzidentzia tasa metatua. Azpeitiak bere horretan jarraitzen du eguneroko kasu kopuruari dagokionez, beste lau kasu atzeman baitituzte. Intzidentzia tasa metatua 551,31koa da Azpeitian. Aizarnazabalen, berriz, hiru kasu zenbatu dituzte. Astebeteko epean bederatzi izan dira herri horretan atzemandako kasuak.
Azkoitian ez dute kasu berririk atzeman gaur kaleratutako txostenaren arabera, eta eremu gorritik laranjara igaro denez, tabernak eta jatetxeak zabaltzeko aukera izango dute. Zestoan, Orion, Errezilen, Beizaman eta Aian ere ez dute positibo berririk zenbatu. Getarian, berriz, kasu bat detektatu dute.
Positibotasun tasak behera
Guztira, 6.606 PCR eta antigeno proba egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 347 pertsonak eman zuten positibo. Bizkaian 150 izan dira zenbatutako kasuak, Gipuzkoan 130, eta Araban 62. Hiru lurralde horietan 32 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 81 gaixo daude ZIUetan.
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 1792 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta horietatik 102 pertsonak eman zuten positibo. COVID-19aren ondorioz hildako bi pertsona izan ziren atzo Nafarroan. Gaur-gaurkoz 139 gaixo daude ospitaleratuta lurralde horretan eta hemeretzi pertsona ZIUetan. Nafarroan, emaitza positiboen ehunekoa %5,7koa izan zen atzo.