Imanol Ulazia zumaiarra saritu dute Torrelavegako 'Jose Luis Hidalgo' poesia sariketan

Maria Maya Manterola 2020ko abenduaren 29a

Ulazia artxiboko irudian, duela hiru urte, Arabako Literatura Sarietan. (Kepa Aizpurua)

Ulaziak 'Rocas de Itzurun' poesia bildumari esker irabazi du Torrelavegako Udalak bi urtean behin antolatzen duen sariketa. Maitasuna, natura, kosmosa eta infantzia landu ditu Ulaziak, besteak beste, ehun poemaz osatutako sorta horretan.

Torrelavegako Udalak (Kantabria, Espainia) bi urtean behin antolatzen duen Jose Luis Hidalgo lehiaketan saria eskuratu du Imanol Ulazia zumaiarrak, Rocas de Itzurun lanagatik. Ulaziak 1.800 euroko ordainsaria jasoko du, eta Torrelavegako Udalak jakinarazi du haren poesia sortarekin liburua argitaratzeko aukera aztertuko duela.

Rafael Fombellidak, Carlos Alkortak, Luis Alberto Salcinesek eta Azucena Martinek osatutako epaimahaiak ebatzi du Ulaziaren lana dela lehiaketara aurkeztutako lanik onena, errealitatea modu original batean erakusteagatik, batetik, eta ironiaren erabilpen ausartagatik, bestetik. Ulaziak berak azaldu du betidanik izan duela buruan Rocas de Itzurun poesia sortan islatu nahi izan duena.

Idazlearen bigarren poesia bilduma da Torrelavegako lehiaketara aurkeztutakoa, baita irabazi duen bigarren saria ere. Izan ere, Arabako Literatura Sarietan Ernestina de Champourcín saria eskuratu zuen duela hiru urte, Bar Kabi izeneko bildumarekin. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide