Guardia Zibilak marihuana plantazio bat desegin du Zumaiako nekazaritza pabilioi batean. Polizia iturrien arabera, pabilioiko gelak kalamua barruan hazteko egokituta zeuden. Operazioan 45 eta 50 urte arteko bi gizonezko eta emakumezko bat atxilotu ditu Guardia Zibilak, eta Azpeitiko Lehen Instrukzio Epaitegiaren esku dira orain.
Guardia Zibilak jakinarazi du produkzioa denboran ez eteteko eta salgaia etengabe eskura izateko, plantazioa hiru hazkuntza etaparen arabera zutela banatuta. Gune batean 1.200 loreontzi zituzten prest haziak ereiteko, beste gune bat egokituta zuten landareei adaxkak ateratzeko, eta saltzeko prest zeuden landareak biltzeko gunea ere bazuten. Azkenik, lehortegi bat ere atzeman dute pabilioian, saltzeko prest zeuden kalamu poltsekin.