Zumaiarra da Donostiako istripuan onik ateratako ertzaina

Baleike 2020ko abenduaren 30a

Argazkia: @ertzaintzaEJGV

Goizaldeko 3:30ak aldera Ertzaintzaren auto patruila bat Urumea ibaira erori da Donostian. Bi ertzain zihoazen autoan: 33 urteko zumaiarrak onik ateratzea lortu du; beste agentea beranduago hilik aurkitu dute.

Zumaiarra da Urumea ibaira erori den patruila autoko istripuan onik atera den ertzaina. Goizaldeko 3:30ak aldera gertatu da, autoa Egiako oinezkoen tunelaren parean Urumea ibaira erori denean. Beste agentea hilik aurkitu dute beranduago, auto barruan harrapatuta. 

Bere kabuz atera da autotik 33 urteko zumaiarra, eta inguruan zebilen Ertzaintzaren beste patruila batek erreskatatu du. Donostiako ospitalera eraman dute hipotermia sintomekin, baina Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, modu positiboan eboluzionatzen ari da haren osasun egoera. Gainera, gertatu dena argitzeko lekuko garrantzitsua izan daitekeela uste du Zupiriak. 

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren arabera, autoa barandaren "zati ahulenaren" kontra jo ondoren erori da uretara. Gaineratu du "zorte txarraren ondorio" izan dela gertatutakoa, baina ikerketa bat abiarazi dutela istripuaren nondik norakoak argitzeko. 

Ertzaintzako ErNe, Esan, ELA eta Euspel sindikatuek elkarretaratzea deitu dute biharko, osteguna. Ondarretako komisaldegiaren parean elkartuko dira, hildako ertzainaren omenez. Sindikatu horiek doluminak helarazi dizkiete hildako lankidearen senide eta lagunei. Gainera, istripuaren nondik norakoak argitzeko eskatuko diote Segurtasun Sailari, "horrelakoak ez gertatzeko prebentzio neurri guztiak har daitezen". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide