Abenduaren 30etik ez du Osasun Sailak herriz herriko datuen xehetasunik eman, eta gaur kaleratu du datu horiek argitara emateko txostena. Guztira, azken orduetan bost kasu positibo zenbatu dituzte Zumaian egindako PCR eta antigeno probetan; kasu bakarra zenbatu zuten duela bost egun. Igoera arina izan da azken egunetan, beraz.
Hemezortzi kasu positibo zenbatu dituzte, guztira, Urola Kostako herrietan, duela bost egun baino hamahiru gutxiago. Beraz, oro har, behera egin du herrietako positibo kopuruak.
Azpeitian, azken egunetako datuekin, 500dik jaitsi da intzidentzia tasa –407,36 da orain–, eta eremu gorrian egoteari uzteaz gain, ostalaritza establezimenduak zabaldu ahal izango dituzte herri horretan. Zortzi kasu zenbatu zituzten abenduaren 30ean; hiru positibo zenbatu dituzte azken orduetan. Aizarnazabalen, berriz, zertxobait jaitsi dira kasuak, baina altua izaten jarraitzen du intzidentzia tasak, 4.681,40, hain zuzen ere. Udalaren erabakiz, itxita jarraituko dute eraikin publikoek, zerbitzuek eta ostalaritza establezimenduek.
Azkoitian eta Zarautzen ere beherakada apala izan da: hiruna kasu zenbatu zituzten abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean Azkoitian, eta bana zenbatu dituzte azken hiru egunetan. Azken datu horien eraginez behera egin du intzidentzia tasak; 233,66 da orain. Zarautzen lau kasu zenbatu dituzte azken orduetan; sei ziren duela bost egun.
Getarian, Errezilen, Beizaman eta Zestoan ez dute kasu positibo bakar bat ere zenbatu azken orduetan. Hala eta guztiz, intzidentzia tasa altua du Errezilek –966,18–. Kasu bana izan da, bestalde, Orion eta Aian.
Hego Euskal Herrian, kasuek gora
Datuek oro har hobera egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ez ordea Nafarroan. Atzo 66 kasu positibo atzeman zituzten han, eta 88 zenbatu dituzte gaur –egun bakar batean % 6,8tik % 10,6ra igo da positibotasun tasa–. Guztira, 129 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan, horietatik 21 ZIUetan.
Gainontzeko lurralde historikoetan behera egin du kopuruak: Araban 39, Bizkaian 188 eta Gipuzkoan 132. Hiru lurralde horietan gora egin du ospitaleratutako pertsonen kopuruak. Hain zuzen ere, 257 ziren duela bost egun, eta 275 ziren atzo. Horietatik 78 daude ZIUetan.