Marian Ibarluzearen hilketa matxistaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatu dute

Maria Maya Manterola 2021eko urtarrilaren 5a

Hainbat zumaiar elkartu zen atzo, astelehena, Torreberriko aterpearen babesean, azken hilketa matxista salatzeko. Zumaiako Udalak, bere aldetik, adierazpen instituzionala kaleratu zuen, eta mugimenfu feministaren deialdira batu.

Zumaiako Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea izan zen atzo, astelehena, Marian Ibarluzearen hilketa matxista salatzeko. Nahikoa da, matxismoak hiltzen gaitu! Autodefentsa feminista! lelo hartuta, hainbat zumaiar elkartu zen Torreberriko aterpearen babesean. Zumaiako Udalak adierazpen instituzionala kaleratu zuen gertakarien harira, eta mugimendu feministaren deialdira batu. 

Gizon bat atxilotu zuten joan den urtearen amaieran Lanzaroten (Kanariar uharteak), Arrasateko (Gipuzkoa) emakume bat hiltzea egotzita. Miren Ibarluzea da biktima, 65 urteko arrasatearra, nahiz eta duela hamar urtetik bizi zen Kanariar uharteetan. Abenduaren 28az geroztik desagertuta zegoen, eta lagun batek eman zion abisua Poliziari. Guardia Zibilak abenduaren 30ean aurkitu zituen zenbait gorpuzki biktimak Kanaria Handian zuen etxe inguruan, eta hurrengo egunean baieztatu zuten Ibarluzearenak zirela giza aztarnak. Bikotekideak, ordurako, Lanzarotera egin zuen ihes, eta abenduaren 31n aitortu zion Poliziari bera dela hiltzailea. Hilketa matxista leporatu diote 43 urteko gizonezkoari, eta baldintza gabe sartu dute espetxera, inkomunikatuta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide