Hiru positibo zenbatu dituzte Zumaian azken orduetan

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 5a, 13:35

Hego Euskal Herrian gora egin dute kasu positiboek. Aizarnazabalen baheketea positiboa egingo dutela iragarri du Eusko Jaurlaritzak; hamar positibo zenbatu zituzten atzo herri horretan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu ditu atzoko PCR eta antigeno proben emaitzak. Hiru positibo zenbatu dituzte azken orduetan Zumaian egindako probetan, eta azken datu horrekin, 264,58ra igo da intzidentzia tasa –234,05 zen atzo–.

Urola Kostan, 26 positibo zenbatu dituzte guztira. Egoerarik okerrena Aizarnazabalen dute: hamar positibo zenbatu dituzte herri horretan, eta, gaur-gaurkoz, 5.981,79ko intzidentzia tasa dute. Hori horrela, Osakidetzak erabaki du baheketa masiboa egitea Aizarnazabalen.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da halako egoera kezkagarririk, atzoko datuei erreparatuta. Dena dela, atzeman zituzten positibo batzuk zenbait herritan. Zarautzen zazpi kasu baieztatu zituzten atzo, eta 192,74ko intzidentzia tasa dute egun. Azpeitian, lau positibo zenbatu zituzten, eta pixka bat igo da intzidentzia tasa; 433,64koa zen atzo, eta 407,36koa herenegun. Azkoitian eta Orion, berriz, positibo bana baieztatu zuten; Azkoitian 242,01eko intzidentzia tasa dute, eta 114,16koa Orion.

Bestalde, Aian, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez dute kasu positiborik zenbatu. Dena dela, intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du Errezilen: zehazki, 966,18koa da.

Hego Euskal Herrian, positiboen gorakada

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 6.781 antigeno eta PCR proba egin zituzten atzo, eta horietatik 480k eman zuten emaitza positiboa –astelehenean baino 118 gehiagok–: 82 kasu zenbatu zituzten Araban, 228 Bizkaian, 169 Gipuzkoan eta bat hiru lurralde horietatik kanpo. Gaur-gaurkoz, positibotasun tasa %7,1ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Atzo, 43 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren zentroetan, eta uneotan 277 lagun daude Osakidetzaren zentroetan; horietatik 77 pertsona daude ZIUn.

Nafarroan, bestalde, 147 positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 59 kasu gehiago; azaroaren 27az geroztik atzeman duten zifrarik altuena da hori. Positibotasun tasa %6,5ean dago lurralde horretan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide