Positibo gehiago atzeman dituzte, baina positibotasun tasa jaitsi egin da

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 6a, 14:30

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.042 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 579k eman zuten positibo; %5,8k alegia —herenegun %7,1ekoa zen positibotasun tasa—. Nafarroan, aldiz, %6,5etik %8,3ra igo da tasa. Jaurlaritzak ez du herriz herriko daturik kaleratu, jaieguna delako.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri ditu koronabirusaren bilakaerari buruzko datuak, baina jaieguna izaki, ez du herriz herriko daturik eman. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.042 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 579k eman zuten positibo. Herenegun baino 99 positibo gehiago atzeman zituzten atzo, baina egindako testak ere 3.261 gehiago izan ziren. Ondorioz, positibotasun tasa jaitsi egin da; %7,1ekoa zen herenegun eta %5,8koa atzo. Bizkaian 304 kasu berri zenbatu zituzten, Gipuzkoan 210 eta Araban 60. Atzo, 48 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren zentroetan eta 71 pertsona daude ZIUn.

Nafarroan, bestalde, 1.861 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 155ek eman zuten positibo, herenegun baino zortzi gehiagok; azken bost asteotako zifrarik altuena da hori. Positibotasun tasa %8,3an dago lurralde horretan; %6,5ean zegoen herenegun.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide