Azken bi egunetako datuak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak: 63 kasu baieztatu ditu eskualdean asteartean eta asteazkenean. Zumaia eta Zarautz jarri dira pelotoiaren buruan oraingo honetan; 23 eta 20 kasu izan dituzte, hurrenez hurren.
Gabonen ajea igartzen hasi dira Zumaian. Aurreko egunetan zortzi kasu izan zituzten herri honetan, baina inor gutxik esperoko zuen hurrengo bi egunetan 23 kasu zenbatuko zituela Osakidetza Zumaian: 18 herenegun eta beste bost atzo. Azken zazpi egunetan 43 kasu izan dituzten herrian. Positiboek izan duten hazkunde honi esker, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 478,27ra igo da; horitik laranjara pasa da, eta laranja gorri kutsua hartzen ere hasi da.
Zarauzko semaforoa hori kolorean mantentzen da oraingoz, nahiz eta azken bi egunetan hogei positibo izan dituzten: hamarna asteartean eta asteazkenean. 37 positibo izan dituzte herrian zazpi eguneko epean. Kasu metatuen tasa 261,28koa da Zarautzen.
Aizarnazabalen atzo hasi zuten baheketa. Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste zazpi kasu izan dituzte azken bi egunetan –sei asteartean eta bakarra asteazkenean–. Kasu metatuen tasak gora egin du, eta 6762,03an kokatzen zen atzo.
Azkoitian (bost positibo), Orion (lau), Azpetian (hiru) eta Getarian (bat) atzeman dituzte beste positiboak, eskualdean. Aian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez dute kasurik izan azken egunotan.
Olatuak ez du baretzeko itxurarik Hego Euskal Herrian ere. 640 positibo zenbatu zituzten Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun zerbitzuek atzo. 73 kasu izan ziren Araban, 131 Gipuzkoan, 139 Nafarroan eta 290 Bizkaian.
Ospitaleratutakoei dagokionez, 33 lagun ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. ZIUn, berriz, 72 pertsona zeuden atzo.