Gorakada nabarmena izan du Gabonak amaitu ondorengo egunetan Zumaiako positibo kopuruak. Osasun Sailak gaur argitaratutako txostenaren arabera, ostiraletik igandera bitartean hamalau kasu zenbatu zituzten herrian: zazpi ostiralean, bi larunbatean eta bost igandean. Kasu metatuen tasa 681,80ra igo da, eta eremu gorrian izango da herria denbora batean.
Bihartik aurrera herriko ostalaritzako establezimenduek ateak itxi beharko dituzte, egoera bere onera bueltatu arte. Aurrez hitzordua hartuta janari bila pasa daiteke, edota janaria etxera eraman dezakete zerbitzu hori eskaintzen duten establezimenduek. Okindegiek eta kafetegiek zabaldu ahal izango dute, baina eramateko bakarrik zerbitzatu ahal izango dute kafea. Dendak, berriz, orain arte bezala izango dira zabalik. Gipuzkoan beste lau herri bakarrik daude gorriz margotuta: Andoain, Beasain, Lazkao eta Villabona.
Urola Kostan, guztira, 74 izan dira azken hiru egunetan baieztatutako positiboak. Aizarnazabalek eman ditu datu kezkagarrienak. Hiru egun horietan beste 21 positibo baieztatu ditu Osakidetzak herrian: hamalau ostiralean, sei larunbatean eta bakarra igandean. Kontuan hartu behar da sei urtetik gorako herritarrei zuzendutako baheketa egin zela Aizarnazabalen pasa den astean, eta egindako probek azaleratu dituzte positibo horiek. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du beste behin ere, eta 9232,77an kokatzen zen atzo. Hala ere, jakina da herri txikietan positibo bakar batek sekulako aldaketa eragin dezakeela tasa honetan.
Azpeitian ere ezingo dute lasa egon, asteburu honetan beste hamabi kasu ezagutu dituztelako: hiruna ostiralean eta larunbatean, eta beste sei igandean. Intzidentzia tasa 361,37an dute Azpeitian. Azkoitian, berriz, sei kasu izan dituzten asteburuan –bat ostiralean, hiru larunbatean eta bi igandean–, eta kasu metatuen tasa 225,32an dago.
11 kasu izan dituzte Zarautzen –hiru ostiralean, sei larunbatean eta bi igandean—, bost Orion –bina ostiralean eta larunbatean, eta bat igandean–, hiru Getarian, hirurak ere ostiralean; eta bi kasu Aian, biak ostiralean. Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez dute kasurik ezagutu asteburuan.
Gorakada orokortua
Hego Euskal Herrian ere gora egin dute positiboek. Beste 693 positibo zenbatu zituzten atzo lau lurraldeetan: 67 Araban, 322 Bizkaian, 166 Gipuzkoan eta 132 Nafarroan. Lau lurralde hauetatik kanpo bizi diren beste bost pertsonak ere positibo eman dute.
Ospitaleratutakoei dagokionez, 129 lagun eraman dituzte Osakidetzako erietxeetara asteburuan zehar, eta ZIUn dauden lagunak 76 ziren atzo.