Goizean bildu da LABIren batzorde teknikoa azken asteotan izandako kasu positiboen hazkundearen ondoren nerri berriak erabakitzeko. Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak bileraren ondoren egindako agerraldian azaldu duenez, “egoera kezkagarria” da, eta pandemiak izandako goranzko joera ikusita, egungo egoerara egokituko diren neurriak hartzea aztertu dituzte. Asteazkenean indarrean sartuko den neurri multzo honen bitartez positibotasun tasa jaistea espero du Eusko Jaurlaritzak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa itxita egongo dira, eta lurraldeen artean ezingo da mugitu. Taldeak, gehienera jota, sei lagunekoak izango dira, eta 22:00etatik 06:00etara bitartean ezingo da kalean ibili. Dendek 21:00etarako itxita egon beharko dute; ostalaritzako establezimenduek, berriz, 20:00etan, eta goizeko 06:00k arte ezingo dute berriro zabaldu. Kultuko zentroetan, aldiz, aforoa %35ekoa izango da gehienez.
Merkataritza zentroetako aforuak ere mugatuko ditu jaurlaritzak. 150 metro karratuko azalera baino handiagoko establezimenduetan gehienezko edukiera %40ekoa izango da, eta txikiagokoetan %60ekoa.
Positibo kopurua jaiste aldera beste prebentzio neurri batzuk hartuko direla ere azaldu du Osasun Sailburua. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 500 baino gehiago duten herriak itxi egingo dituzte, eta ezingo da beste herrietara mugitu, beti ere lanera edo osasun arrazoiengatik ez bada. Herri horietan ezingo da taldekako kirol jarduerak ere proposatu du jaurlaritzak.
Herrietako sartu-irtenak ostegunean dauden datuen arabera erabakiko ditu Jaurlaritzak, eta hurrengo egunean jarriko lirateke indarrean. Zumaiak, gaur egun, 500eko langa igarotzen du –681ko kasu metatuen tasa du–, eta ostegunean dituen datuen arabera, hurrengo egunean, ostiralean, itxiko da.
500eko tasa baino gutxiago duten herrietan, berriz, eskola kiroleko entrenamenduak egitea baimenduko da. Baina, ezingo dituzte aldagelak erabili.
Alarma egoera honetan “neurri eraginkorrak” izango direla azpimarratu du Sagarduik. Hilabete zailak datorzkigula gaineratu du, eta horretarako “herritarren kontzientziazioa berrindartzea” eskatu du.