Osasun Sailak argitaratu du egunero plazaratu ohi den koronabirusaren datuen txostena. Haren arabera, 26 lagunek eman zuten positibo atzo eskualdean. Zumaiak soilik jarraitzen du semaforo gorrian eskualdean, eta herri horretan azkenaldian izan den gorakadaren ondorioz, konfinamendu perimetrala ezarriko dute ostegunetik aurrera. Hala iragarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Atzokoan lau kasu berri atzeman zituzten Zumaian, eta intzidentzia tasa igo egin da atzotik: 712, 32koa da gaur gaurkoz, eta 681,80koa zen atzo.
Atzoko datuei erreparatzen jarraituta, eskualdean Azkoitian atzeman zituzten kasu gehien: zortzi. Herenegun baino sei kasu gehiagorekin, gora egin du han ere kasu metatuen tasak. 225,32an zegoen atzo zifra, eta 292,08an dago gaur. Azpeitian sei kasu berri atzeman zituzten atzokoan, igandeko kopuru berdina, eta 374,51koa a hango intzidentzia tasa; gutxi bada ere, gora egin du.
Bost izan ziren atzo Zarautzen atzemandako kasuak, eta herri horretan apur bat jaitsi da intzidentzia tasa: 269,84koa da. Orion, berriz, hiru kasu berri zenbatu zituen Osakidetzak atzo, eta kasu metatuen tasa igo egin da atzotik herri horretan ere; 326,16koa da zifra gaur, eta 277,23 zen atzo.
Aizarnazabal kezka iturri izan da egunotan, baina asteburuan atzemandako 21 kasuen ondoren, bakarra atzeman zuten atzokoan. Intzidentzia tasa 8972,69koa da han, baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituen herria izanik, kasu berrien gorabeherek eragin handia dute zifra horretan. Eskualdeko gainontzeko herrietan, Aian, Getarian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, ez zuten kasu berririk atzeman atzokoan.
Hego Euskal Herrira begira
Azaroaren 21etik atzemandako positibo berrien kopururik altuena atzeman zuten atzo Hego Euskal Herrian: 979. Atzo koronabirusa atzemateko 14.000 proba egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, herenegun baino 2.000 gehiago. Horiek kontuan hartuta, %6,9 da positiboen ehunekoa Hegoaldean. Atzemandako ia mila kasuetatik, Bizkaian zenbatu dituzte gehien: 492. 219 izan ziren Gipuzkoan, Nafarroan 162 eta Araban 92.
Ospitaleetako egoerari erreparatuta, 45 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta egun 345 lagun daude erietxean. Horietatik 75 daude Zainketa Intentsiboen Unitatean.