Bihartik ezingo da sartu-irtenik egin Zumaiatik

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 14a, 14:06

Zumaia itxita egongo da bihartik kasu metatuen tasa 500eko langatik jaisten den arte. Justifikatutako kasuetan izan ezik –lanera joatea edo osasun kontuengatik herritik atera behar izatea–, ezin izango da sartu-irtenik egin herritik intzidentzia tasa jaitsi arte.

Urtarrilaren 8an sartu zen Zumaia eremu gorrian, herrian koronabirusaren positiboen hazkundea izan ondoren. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 500etik pasatzean eremu gorrian sartzen da herri bat, eta hala gertatu zen Zumaian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak iaz ateratako ebazpena aplikatuta, garbi zegoen ostalaritzako establezimenduek ateak itxi beharko zituztela. Horretarako, aste bakoitzeko astelehenetan eta ostegunetan dauden kasu metatuen tasak erabiltzen dira. Asteburu horretan ez zen neurririk hartu; bai, ordea, aste honen hasieran.

Intzidentzia tasak gora egin zuen ostiraletik astelehenera bitartean. Hala, ostiralean, hilaren 8an, 539,33ko tasa zuen Zumaiak; astelehenean, berriz, 681,80ekoa. Eta ordutik egunero joan da igotzen. Behin ebazpena aplikatuta, tabernek eta jatetxeek itxi egin behar izan zuten asteartean, eta hala mantenduko dira herria eremu gorritik atera arte.

Egun horretan bertan, astelehenean, hilaren 11n, koronabirus kasuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako hazkundearen ondorioz neurri berriak iragarri zituen Eusko Jaurlaritzak, LABIren batzorde teknikoak hala eskatuta. Neurri horien artean eremu gorrian dauden herrien itxiera perimetrala aurkitzen zen. Hau da, herritik ezingo da ez sartu ez irten justifikatutako arrazoirik ez bada: lanera, eskolara edo unibertsitatera joateko; osasun kontuengatik; epaitegira joan behar delako, edo justifikatuta dagoen beste arrazoi batzuengatik.

Aurreko itxialdi perimetralean ez bezala, eremu gorrian dauden 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietako –Zumaiaren kasu– bizilagunek ezingo dute aldameneko herrietara joan erosketak egitera, kirola egitera edo aisialdiko jarduerak gauzatzera. Jarduera horiek guztiak debekatuta daude, eta 500eko intzidentzia tasa jaitsi arte izango da neurria indarrean.

Aurrez esan bezala, astelehenetan eta ostegunetan ateratzen diren datuak hartuko dira kontuan. Gaur egun, atzo baieztatutako beste bost positiboen ondoren, kasu metatuen tasa 824,26ra igo da. Atzo herritar batek zioen bezala, “hilabete bat beharko dugu hemendik ateratzeko”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide