Gaurtik itxita dago Zumaia, eta herritik ezin da sartu-irtenik egin. Etorkizun hurbil batean egoerak hobera egingo duela espero da, baina gaur egun nahiko kezkagarria da joera. Atzo beste hamahiru positibo detektatu zituzten Zumaian, eta horren ondorioz 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 926ra igo da. Kontuan hartua 500eko langa igarota pasatzen dela herri bat eremu gorrira, gaur egun ia bikoiztu egiten du tasa. Hala, Gipuzkoako tasa handiena du, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bigarrena, Muskizen atzetik.
Eremu gorrian egotearen ondorioz itxita dago Zumaia gaur gauerditik. Ezin da herrian sartu edo herritik atera, justifikatutako arrazoi batengatik ez bada: lanera edo ikastera joatea, osasun kontuengatik edo epaitegietan gestioren bat egitea, adibidez. Horrez gain, ostalaritzako establezimenduak itxita daude asteartetik, eta hala jarraituko dute intzidentzia tasaren langa 500etik jaitsi arte.
Mugak itxita dituen beste herri bat Aizarnazabal da. Atzo ez zuten batere positiborik zenbatu herri horretan, baina azken egunetako positibo kopurua dela eta, 7.412,22ko intzidentzia tasa dute han; beraz, herritik atera gabe jarraitu beharko dute bertako bizilagunek. Aian ere 500eko langa gainditu dute, atzo zenbatu zituzten bi positibo berriak kontuan izanda; 503,78ko tasa dute han egun. Ikusteko dago oraindik Osasun Sailak astelehenean herri horretako mugak ixtea erabakiko duen ala ez.
Gainontzeko kasu positiboak honako herri hauetan zenbatu zituzten: Orion eta Azpeitian launa; Zarautzen, hiru; Azkoitian eta Zestoan bina; eta Getarian bat. Herri horien artean, Orion dute intzidentzia tasarik altuena: 407,7ko tasa dute egun, eta eremu laranjan daude herri horretan. Bestalde, Errezilen eta Beizaman ez dute positiborik atzeman azken orduetan.
Hego Euskal Herriko datuak
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 13.224 antigeno eta PCR proba egin zituen Osakidetzak atzo. Horietatik 760k eman zuten emaitza positiboa; %5,6k, alegia. Bizkaian 412 positibo zenbatu zituzten, Gipuzkoan 239 eta Araban 100. Nafarroan, berriz, 226 kasu zenbatu zituzten atzo, bezperan baino hamahiru gehiago. 2.861 proba egin zituzten atzo lurralde horretan, eta %7,9koa da positibotasun tasa.
Osakidetzaren zentroetan 50 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta, guztira, 367 pertsona daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; horietatik 84 ZIUn. Nafarroan, ZIUko oheen %11,20 daude beteta COVID-19 gaitza duten pazienteekin.