Kasu metatuen tasa 500etik gora du Zumaiak –926koa zuen atzo–, eta ondorioz eremu gorrian dago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako positiboen hazkunde handiaz kezkatuta, neurri berriak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak aste honen hasieran. Horien artean, eremu gorrian dauden herrien itxiera perimetrala dago. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 500etik jaitsi arte ezingo da herrira sartu ez herritik atera, mugimendu horiek justifikatzen dituen arrazoirik izan ezean.
Neurri hau lehen aldiz hartu du Eusko Jaurlaritzak. Aurretik, pasa den azaroan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriak ixtea erabaki zuen, baina egun horietan mugakide diren herrietara joateko aukera bazegoen. Neurri hori abenduaren hasieran indargabetu zuen jaurlaritzak, eta une libre egon zen herri batetik bestera mugitzera, baita eremu gorrian zeuden herrietatik beste herrietara joatea ere. Astelehenean indarrean sartutako neurri honek mugimendu horiek guztiak debekatzen ditu. Ezingo da herritik irten justifikatutako arrazoi batengatik ez bada: lanera edo ikastera joatea, osasun kontuengatik mugitu behar izatea, edo epaitegiko gestioren bat egitea, adibidez.
Atzotik kontrolak ezarri ditu Ertzaintzak eta Udaltzaingoak herriko sarrera eta irteeratan. Udaltzaingotik adierazi dutenez, kontrol horiek egunero egingo dira Zumaia eremu gorritik atera arte.