Positiboen kopuruak behera egin du Hego Euskal Herrian

Julene Frantzesena 2021ko urt. 17a, 13:04

Jaitsiera horrekin lotura du Osakidetzak eta Osasunbideak bezperan baino 2.300 proba gutxiago egin izanak. Nafarroan 159 positibo zenbatu zituzten, eta %8,1 da hango positibotasun tasa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 676 positibo zenbatu dituzte, eta %6,8 da tasa.

Hego Euskal Herrian herenegun baino kasu positibo gutxiago atzeman zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, baina PCR eta antigeno proba gutxiago ere egin zituzten. Zehazki, 11.893 proba gauzatu zituzten Hego Euskal Herrian atzo, bezperan baino 2.300 proba gutxiago, eta positiboen kopuruak ere ildo beretik egin du behera; izan ere, 837 positibo zenbatu zituzten, herenegun baino 193 gutxiago.

Kasu horietako 159 Nafarroan atzeman zituzten, eta lurralde horretan 1.963 proba egin zituzten. Hori dela eta, positibotasun tasa %8,1 da egun. Araban, Bizkain eta Gipuzkoan, berriz, 676 positibo detektatu zituzten: Araban 99, Bizkaian 391 eta Gipuzkoan 177. Hiru lurralde horietan 9.930 proba egin zituzten, eta positibotasun tasa %6,8 da.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan 49 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta gaur-gaurkoz 92 lagun daude ZIUn, bezperan baino sei gehiago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide