Hirugarren olatuaren aparrean, beste 21 positibo zenbatu zituen atzo Osakidetzak Urola Kostan. Beste hiru kasurekin, eremu gorrian jarraitzen du Zumaiak, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak bere horretan jarraitzen du, 926,02an. 5.000 bizilagunetik gorako herrietatik Gipuzkoako handiena izaten jarraitzen du Zumaiak. Gaur egun zazpi udalerri daude Gipuzkoan eremu gorrian.
Orion detekatu zituzten kasu gehien –bost guztira– eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du herri horretan: 554,47ko intzidentzia tasa zuen herenegun, eta 636,01ekoa atzo. Eremu gorrian sartuta jarraitzen du Oriok, eta ondorioz gaurtik herria itxita dago: 500eko langa jaitsi arte ezingo da sartu-irtenik egin herritik.
Azpeitian eta Azkoitian semaforoak laranja kolorean piztuta jarraitzen du. Atzo lau kasu izan zituzten Azpeitian, eta bi Azkoitian. Kasu metatuen tasak bere horretan jarraitzen du Azpeitian –413,93–, baina zertxobait gora egin du Azkoitian, 358,84tik 367,19ra.
Eskualdeko beste bi herritan izan zituzten atzo positiboak: lau Zestoan, eta hiru Zarautzen. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituzten atzo kasu positiborik izan.
Kasuak gorantz Hego Euskal Herrian
Neurriak zorrozteak ez du oraingoz emaitzarik eman Hego Euskal Herrian. 1.132 kasu izan ziren atzo, eta egindako proben positibotasun tasak oso goian jarraitzen du.
10.755 proba egin zituen atzo Osakidetzak, eta 894k eman zuten positibo, %8,3ko positibotasun tasarekin. Bizkaian izan ziren atzo kasu gehien –530–; 132 Araban, eta 227 Gipuzkoan. Beste jatorri batzuetako bost positibo ere izan ziren atzo.
82 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, COVID-19ak eragindako gaixotasunengatik. ZIUn, berriz, 96 lagun zeuden atzo.
Nafarroan, berriz, 2.724 egin zituen astelehenean Osasunbidek, eta 238k eman zuten positibo. Lurralde honetako positibotasun tasa %8,7koa zen atzo. Handia da, baina bezperan izandako %11,7tik hiru puntuan jaitsi da.