Amerikako musikaren bihotzera egindako bidaia, disko bihurtuta

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 22a, 09:00

Frank Blackfield abeslari eta gitarrista frantziar-estatubatuarrak disko berria atera zuen joan den urte amaieran .Nagore Etxabe zumaiarrak jo du disko horretan.

Nagore Etxabe bateria-jotzaile zumaiarra ez da geldirik egotekoa. Proiektu ugaritan parte hartzen du, eta bere bateriarekin hainbat talderen erritmoa eramaten du. Talde edo proiektu ia guzti horiek geldirik daude pandemia dela eta. Ez da Frank Blackfield gitarrista eta abeslari frantziarraren kasua. Disko berria atera zuen joan den urte amaieran, Still free ‘n rockin’ izenekoa, eta bateria jo du bertan Etxabek. Hamar abesti ditu diskoak eta Etxabez gain, beste zumaiar batek ere kolaboratu du grabazioan: Oihana Rodriguez pianistak, hain zuzen ere.

Donostiako musika munduan murgilduta zebilen garaian ezagutu zuen Etxabek Blackfield. "Garai hartan Donostian asko ibiltzen nintzen, hango musika munduan. Urko Menaiarekin jotzen nuen, Lucho Neirarekin ere bai, eta haien bitartez ezagutu nuen Frank [Blackfield]. Harrezkero, lau urte edo izango dira, bere bandako kidea naiz", dio zumaiarrak.

Munduan zehar asko mugitu den pertsona bezala definitzen du Blackfield. "Estatu Batuetan hogeitik gora urte egin zituen, eta Frantziako zein Amerikako Estatu Batuetako herritartasuna du; nahiz eta bere aiton-amonak Urepelekoak (Lapurdi) diren, bera estatubatuarra sentitzen da". Bi hamarkada Atlantikoaren bestaldean igaro ondoren, orain 15-20 urte itzuli zen Europara. "Baiona eta Donostia artean dabil gaur egun, eta 70 urterekin euskara ikasten ere hasi da!", dio bateria-jotzaileak.

Rock, blues eta countryaren artean mugitzen da Blackfield eta bere taldearen musika. "Berak egiten duen musika oso amerikarra da. Gu, talde gisa, bera laguntzeko gaude. Izan ere, oso garbi dauka zer egin nahi duen. Abesti berriak egiteko makina bat da, eta abesti zaharragoen bertsio berriak ere egiten ditu. Beti dago mugimenduan".

Azken lau urteetan hiru disko atera ditu abeslariak, eta hiruretan egon da Etxabe erritmoa eramaten. Still free ‘n rockin’ diskoa pandemiaren aurretik hasi zutela du gogoan. "Bagenekien 2020an aterako genuela, eta pare bat abesti ere atera genituen single gisa. Gero pandemia etorri zen, eta abestiak ahal genituen moduan prestatzen jarraitu genuen". Soltatu gintuztenean bi hilabetez aritu ginen abestiak prestatzen eta mamitzen Intxaurrondo Kultur Etxeko entsegu lokal batean, eta prest genituenean sartu ginen estudioan". Blackfielden aurreko diskoak bezala, hau ere Oiartzungo Mecca estudioan grabatu dute.

Bizi dugun egoeran prestatu eta grabatu dutelako, edo beste arrazoien batengatik, disko hau aurrekoak baino rockeroagoa dela dio Etxabek. "Beste diskoek agian blues ukitu handiagoa dute eta honek rockeroagoa. Baina entzuten duzu eta bai, musika amerikarra da!".

Diskoa sarean entzun daiteke, Bandcampen, eta euskarri fisikoan erosi nahi dutenek frankblackfield.music@gmail.com helbidera mezu bat bidali dezakete edo 678 07 10 41 telefono zenbakira deitu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide