Kilkerrak, txanpiñoiak eta kareluak

Erabiltzailearen aurpegia Leire Arano 2021ko urt. 22a, 08:15

Atxagari irratian bezala, autopistan kilker bat izatea egokitu zait txoko honetan; albo, gain, azpitik ziztuan pasatzen diren gertaeretan bereizte lana egitea eta zeri ahotsa eman aukeratzea. Atxagak zeruan konbokatzen zituen solaskideak, eta niri etxeko lanetan nabilela azaldu zaizkit kilkerrak, badutela zer esana eta zurian beltz agertu nahi luketela; entzun-irakurritako azken hiruzpalauak bakarrik oroitu ohi ditudalako edo, horiexek.

Arropa esekitzen ari naizela, kir-kir, deika kilker bat. Ander da, abuztuko bero itogarrian ere traje-gorbatei uko egin nahi ez dien business gizona. Atzo kontatu zidan Jaiok, zu [eta ni] bezain ahul diren hainbaten istorio aspaldi idatzietan, txikitan aitari galdetu zeniola, Ander, ea potoan sartutako kilkerrak zergatik kantatzen duen ardoarekin. Kristalezko ontzi baten barruan bakarrik dagoela ahazten duelako, esan zizun aitak. Eta zu ere poto barruko kilker sentitu zara, tabernako barran bakarrik whiskia eskuan, businessen mesedetan seme-alabak urrun dituzula, haien zaintza amaren ardurapean lagata.

Poto barruko kilker… eta txanpiñoi ere bada, esan dit belarrira Mariak, tabernara jaitsi baino 10 minutu lehentxeago Anderri hoteleko gelatik alde egin dion prostitutak. Mariak ahaztua zeukan Perez Orozcori ikasitako kontzeptua, langile txanpiñoia, soldatapeko langile ideala, egunero lan merkatura abiatzen dena, sabela beteta, arropa garbi eta lisatuta, zaintzaren arloko ardurarik hartu gabe, lan merkatuan 24 orduz prestutasun osoz aritzeko. Ahaztua zeukan, baina berritu egin zaio Sagastizabalek zaintzaren, enpleguaren eta militantziaren hiruki gatazkatsua seinalatu dionean. Ander langile txanpiñoia da, eta Maria militante txanpiñoia, iraultzaren alde ordu guztiak militantziari eskaintzen dizkion ama txarra. Beharko!, kexatu zait; bestela nork bistaratuko du, ba, prostituzioko langile garenon egoera gorria! Autopistako zaratan entzuten ez den beste kilker bat. Oraintxe badu hara-hona joateko aukera, lan pixka bat egiteko sikiera, azkenaldian mareak behera eta behera besterik ez baitu egin bere kontuko korrontean. Ezinbesteko jarduerak? ERTEak? Erantzukizunpeko adierazpenak? Ai, gauzak direna balira! Ez da hala, Sarri? Gauzak gibelka jarri eta kantatuko dugu “C’est la vie”, Zabala? Eta hara, irratian, merengea baino azukretuago, “Ez negar egin, gu elkarrekin” kantua. Elkarrekin? Eta gu? Zein gu? Gu guztiok? Turista klasean goazen den-denok?, sumatu uste izan dut Miner galdezka.

Oraindik ez zaituztet irakurri; japoniarrek esaten duten bezala, tsundoku zarete, irakurtzeko esperantzaz ohe ondoan jarritako liburu piloa, logela kilker hotsez bete dadin edo… DA! izan baita. Euskararen langile diren sortzaile beti militanteak agertokirik gabe geratu diren honetan, plazako kir-kir hots jendetsurik ez aurten, pantaila aurreko klik-klik hots bakartuak baino ez. Eta zer esango dizuet, ba!? Lehendik ere telelanean nenbilela harrapatu nau ditxosozko tsunami honek, ordu asko bakarrik, ordu asko klik-klik pantaila aurrean. Tulu hizkuntzan karelu esaten omen diote zerbait oso estu jantzita izateak soinean uzten digun markari, eta kezkatzen nau azken hilabeteetan handik eta hemendik estutu diguten guztiaren kareluak sumatu ere ez egitea laster. Ni behintzat, gero eta txanpiñoiago nago, eta liburu ederrez mozkortuta, bai, baina gero eta kilker potokoago.

P.D.: Azken puntua jarri, eta Urkizak paperezko ahozapietan idatzitako ipuin bat pare-parean, neure burua, zer bestela, irakur dezadan: “Superbibentziarako denetik jaten ikasi zuen, baita bakardadea ere”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide