Intzidentzia tasak beherantz jarraitzen du Zumaian

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 25a, 14:10

Beste sei positibo detektatu ditu Osakidetzak Zumaian pasa berri den asteburuan. Positibo eman duten herritarren kopuruak gorantz jarraitzen du, baina azken hamalau egunetako intzidentzia tasak beherantz egin du, eta 661,44an kokatu da. 

100.000 biztanleku azken hamalau egunetan izan diren kasu metatuak jasotzen ditu tasa honek. Zumaiak, une honetan, 661,44ko tasa du, aurreko ostiralekoa baino 81 puntu txikiagoa –742,85koa zuen pasa den ostiralean–. Kasuek gorantz jarraitzen badute ere –beste sei kasu ezagutu dira asteburu honetan–, tasak beherantz egin du, eta 500eko langara hurbiltzen ari da. Une horretan eremu gorritik aterako litzateke herria eta, adibidez, ostalaritzako establezimenduek berriro ateak irekitzeko aukera izango lukete.

Bestalde, ez da aurrekoa asteburu ona izan eskualderako, eta bereziki Azpeitirako. 114 positibo izan dira Urola Kostan, eta horietatik 60 Azpeitian. Gorritik granatera egin du salto Azpeitiak asteburuko datuei esker. Ostiralean hamazazpi kasu izan zituzten, 28 larunbatean eta beste hamabost igandean; 60 kasu guztira. Ondorioz, 100.000 biztanleko hamalau eguneko kasu metatuen tasak gora egin du beste behin ere, mila kasuko langa igarotzeraino. 1.031,54ko intzidentzia tasa zuen atzo Urola Erdiko herriak. 

Kilometro gutxira, Azkoitian, beste hamar kasu izan dituzte asteburuan: lau ostiralean, eta hiruna larunbatean eta igandean. Herriko kasu metatuen tasak ere gora egin du, eta 417,26an dago une honetan. Eremu laranjan dago Azkoitian, baina gorritik hurbil jarri da asteburuko datuen ondoren.

500ko langaren goitik jarraitzen dute eskualdeko beste bost herrik. Aian bost kasu izan dituzte asteburuan (hiru larunbatean eta bi igandean), eta 705,29ko tasa dute. Orion ere bost kasu baieztatu ditu Osakidetzak (bi ostiralean eta hiru larunbatean), eta tasa aurreko ostiralekoaren parekoa da: 750,16koa. Zestoan hamabi kasu izan dituzte asteburuan (bost ostiralean, hiru larunbatean eta lau igandean), eta tasa milatik hurbil jarri da; 898,82 intzidentzia tasa du Zestoak. Kasu metatuen tasak behera egin du Aizarnazabalen; ez dute kasurik izan asteburuan, eta tasa 1.430,43ra jaitsi da.

Zarautzen izan dute positiboen hazkundea asteburuan; hamabost kasu detektatu dituzte hiru egun hauetan (zazpi ostiralean, bost larunbatean eta hiru igandean). Hala ere, 235,58ko tasarekin, eremu horian jarraitzen du herriak. Errezilen, berriz, bi kasu izan dituzte, biak ere ostiralean detektatutakoak, eta Getarian bat. Aizarnazabalekin batera, Beizama izan da kasurik gabeko herri bakarra Urola Kostan.

Positibotasun tasa oso goian Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak pasa den ostiralean hartutako neurri berriak indarrean daude gaurtik. Besperan, igandean, beste 826 positibo zenbatu zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 9.483 probatan –%8,7ko positibotasun tasa izan zen atzo–. Araban 151 kasu izan zituzten, 426 Bizkaian eta 243 Gipuzkoan. Beste sei kasu ere izan ziren, hiru lurralde hauetan bizi ez direnenak. 

Ospitaleratutakoei dagokionez, 88 pertsona ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. Asteburuan gora egin duena ZIUn ingresatutako lagunen kopurua da: 122 pertsona zeuden atzo zaintzako unitate hauetan.

Nafarroako Osasun Sailak beste 159 positiboren berri eman du gaur. Atzo 1.737 proba diagnostiko egin ziren (bezperan baino 818 gutxiago), eta 159k eman zuten positibo. Lurralde honetan %9,2ko positibotasun tasa izan zuten atzo.

Ohi bezala, Osasunbidek, Nafarroako osasun zerbitzuak, ez du ospitaleratuen daturik eman.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide