Poliki-poliki bada ere, hoberantz doa egoera Zumaian. Beste lau positibo zenbatu dituzte azken orduetan, eta intzidentzia tasa 661,44koa da, atzoko bera.
Positiboen emariak, ordea, ez du etenik Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berrien dituen datuen arabera, atzo beste 34 kasu atzeman zituzten eskualdean, eta beste egun batez Azpeitia izan da herririk kolpatuena. Hamalau positibo atzeman zituzten han, eta gora egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak: 1.084,10 da egun. Eremu gorrian egonik, ostalaritza itxita eta taldean kirola egitea eta eskola kirola debekatuta dituzte joan den astetik, baina egoera “oso larria” dela iritzita, are neurri zorrotzagoak hartu ditu Azpeitiko Udalak, herriko hainbat eragilerekin hitz eginda. Horrela, gutxienez otsailaren 8ra itxita egongo dira udal instalazio guztiak eta bertan behera geldituko dira herrian antolatuta zeuden ekitaldi guztiak.
Zestoako egoera ez da askoz hobea. Atzo lau positibo baieztatu zituzten han, eta 1.001,54koa da intzidentzia tasa. Han ere eremu gorriko murrizketak indarrean dituzte joan den astetik, baina oraingoz ez dute balio izan egoerari buelta emateko. Orion ere antzera. Beste hiru positiborekin, 750,16koa da intzidentzia tasa; atzotik ez da igo, baina ezta jaitsi ere. Aizarnazabalen hobera egin du egoerak. Ez dute positiborik izan azken egunotan.
Egoera hobea dute Azkoitian eta Zarautzen. Azkoitian bost positibo baieztatu zituzten atzokoan, eta zertxobait jaitsi da hango intzidentzia tasa: 417,26koa zen atzo, eta 392,22koa da gaur. Zarautzen, berriz, bi positibo berrirekin, 222,73koa da tasa, eremu gorrian sartzeko 500eko langatik urrun.
Aian eta Errezilen positibo bana zenbatu zuten atzo. Bietan 500dik gorakoa da intzidentzia tasa, baina 5.000 biztanletik beherako herriak izanik, ostalaritza ixteko erabakia hartzeko garaian osasun eremuko egoerari ere kontuan izaten du Jaurlaritzak. Eta horretan badago alderik bataren eta bestearen artean. Aiaren osasun eremuan 500dik beherakoa da intzidentzia tasa; aldiz, Errezilenean gorakoa. Beraz, ikusteko dago Jaurlaritzak zer erabakitzen duen osteguneko berrikusketan.
Beizaman eta Getarian ez zuten positiborik atzeman atzo.
Hego Euskal Herrian mila positibotik gora
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, beste 1.340 kasu positibo zenbatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Zehazki, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, 16.688 proba egin ziren Hegoaldean, eta %8 izan zen positiboen portzentajea. Bezperan, berriz, %8,7 izan zen.
Lurraldeka, Bizkaian 628 kasu detektatu dira; Gipuzkoan, 331; Nafarroan, 239; eta Araban, aldiz, 138 izan dira azken egunean.
Atzo 86 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gaur-gaurkoz koronabirusa duten 673 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan; horietatik 125 Zainketa Intentsiboen Unitatean.