Hogei positibo baieztatu ditu Osakidetzak Zumaian azken zazpi egunetan. Horietatik hiru atzo bertan detektatu zituen. Zumaiak eremu gorriko neurriekin jarraitu beharko du gutxienez asteartera arte. Azken egunotan nabarmen egin du hobera hango egoerak, baina oraindik ere 500etik gorakoa da intzidentzia tasa: 569,86koa hain zuzen.
Atzo, guztira, 55 positibo zenbatu zituzten eskualdeko herrietan; horietatik hemeretzi Azpeitian eta hemezortzi Orion. Horrenbestez, hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak gora egin du bi udalerrietan: 1.182 da Azpeitian, eta 1.190,48 da Orion. Bi herriak eremu gorrian daudenez, indarrean jarraituko dute Jaurlaritzaren murrizketek, eta baita bi herrietako udalek hartu dituzten aparteko neurriek ere.
Jaurlaritzak eta udalak ezarritako murrizketen jarraituko dute Zestoan ere. Atzo positibo bakarra zenbatu zuten arren, 1.181,30ekoa da intzidentzia tasa. 5.000 biztanletik behera dituenez, ez da koloreen sisteman sartzen, baina herriko eta osasun eremuko egoera kontutan hartuta, ostalaritza itxita eta taldeko kirola debekatuta dituzte Jaurlaritzaren aginduz.
Aian intzidentziak nabarmen egin du gora azken egunoetan. Atzo beste hiru positibo baieztatuta, 806,05eko tasa du egun. Hala ere, osasun eremuko intzidentzia 500etik beherakoa denez, Jaurlaritzak momentuz ez dizkio eremu gorriko murrizketak ezarriko. Kontrara, Aizarnazabalgo intzidentzia 780,23koa izan arren eta osasun eremukoa 500etik gorakoa, Jaurlaritzak zerrenda gorritik atera du herri hori, azken astean ez dutelako positiborik izan. Ondorioz, bihartik tabernak eta jatetxeak ireki ahal izango dituzte, eta taldeko kirola eta eskola kirola egin.
Azkoitian zazpi positibo baieztatu zituzten atzo, eta zertxobait igo da hango intzidentzia tasa, 400,57ra hain zuzen. Zarautzek, berriz, eremu horian jarraitzen du, hiru positibo berri eta 239,86ko intzidentzia tasarekin. Getarian positibo bat atzeman zuten atzo, eta Errezilen eta Beizaman bat ere ez.
Ia 1.500 positibo Hego Euskal Herrian
Osakidetzak eta Osasunbideak 18.923 proba egin zituzten atzo, eta horietik 1.490ek eman zuten positibo; %8k hain zuzen. Lurraldeka, Bizkaina 720 positibo atzeman zituzten, Gipuzkoan 342, Nafarroan 217 eta Araban 186.
Atzo 94 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gaur-gaurkoz COVID-19a duten 707 gaixo daude hiru lurralde horietako osasun zentroetan; horietatik 137 Zainketa Intentsiboen Unitateetan. Duela astebete 585 ziren ospitaleratuak, eta 101 lagun zeuden ZIUetan.