Urtarrilaren 8an sartu zen Zumaia eremu gorrian, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak 500eko langa pasatu zuenean. Hiru astez egon da herria eremu gorrian, eta horren ondorioz herriko ostalaritza itxita egon da, eta eskola kirola ere ezin izan da egin.
Egoerak hobera egin du azken hamar egunotan, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, kasu metatuen tasa 437,57ra jaitsi zen atzo –926ko tasa zuen Zumaian orain bi aste–. Positibo berririk ere ez zen izan atzo herrian. Laranjara pasatuta ere, datorren asteleheneko datuen zain egon beharko da neurriak arinduko diren jakiteko.
Egoera zaila eskualdeko herri batzuetan, eta albiste pozgarriagoak besteetan. Osteguneko datuak eman berri ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta horien arabera 51 kasu izan ziren atzo eskualdean. Azpeitian, Orion eta Zarautzen izan dituzte kasu gehien.
Beste hamabost positibo zenbatu zituzten atzo Azpeitian –110 positibo izan dituzte herrian zazpi eguneko epean–, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak milatik gora jarraitzen du: 1.254,93ko tasa zuen atzo Azpeitiak, bezperan baino 72 puntu gehiago.
Milatik gorako tasarekin jarraitzen duen beste herria Orio da. Atzo beste 11 kasu izan zituzten herrian, eta hemen ere etengabe doa gorantz kasu metatuen tasa. 1.304ko tasa zuen atzo kostaldeko herri honek, bezperan baino 114 puntu handiagoa.
Oraindik ere itxita jarraituko duen herria Zestoa da. Atzo beste hiru positibo izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 1.206,99koa dute. Aian ere gora egin dute kasuek: atzo beste bost positibo izan zituzten. Azkoitian, berriz, zazpi kasu izan zituzten, eta eremu laranjan jarraitzen du 442,29ko tasarekin.
Zarautzen bederatzi positibo izan zituzten, eta eremu horian jarraitzen du kostaldeko herriak. Getarian, berriz, kasu bat izan zuten. Zumaiarekin batera, atzo kasurik izan ez zituzten herriak Aizarnazabal, Beizama eta Errezil dira.
Kezka Hego Euskal Herrian
Izurriteak ez du etenik, eta Hego Euskal Herrian berriro ere milatik gorako langa pasatu zen atzo: 1.511 positibo eman ziren atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 17.285 proba egin zituzten atzo, eta 1.264k eman zuten positibo, %7,3ko positibotasun tasarekin. Araban 178 kasu izan ziren, Bizkaian 714 eta Gipuzkoan 357; hiru lurralde hauetatik kanpoko beste hamabost lagunek ere positibo eman zuten atzo.
Ospitaleratuei dagokionez, atzo beste 86 lagun ingresatu zituzten Osakidetzako erietxeetan COVID-19ak eragindako gaixotasunekin. Gorantz egin du berriro ere ZIUetan ingresatutakoen kopuruak: 140 lagun zeuden atzo unitate hauetan, bezperan baino hiru gehiago.
Nafarroan, berriz, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, 247 positibo izan ziren. Bezperan baino hamazazpi kasu gehiago dira, baina duela zazpi egun baino 58 gutxiago.