Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri du atzo, larunbata, egindako PCR eta antigeno probetan detektatu zituzten kasu positiboen emaitzak. Asteburuetan, baina, ez ditu herriz herrikako datuak ematen, eta beraz, bihar arte zain egon beharko da ostiraletik gaur artera egindako testetan eskualdeko herrietan kasu positiborik izan den edo ez baieztatzeko eta kasu metatuen intzidentzia tasa zenbatekoa den ezagutzeko.
Hego Euskal Herrian 1.040 kasu zenbatu zituzten atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.051 test egin zituztela jakinarazi du Osasun Sailak, eta horietan 855 positibo hauteman zituzten. Lurraldeka aztertuta, Bizkaian 456 kasu detektatu zituzten atzo, Gipuzkoan 264 eta Araban 119; hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hamasei lagunek ere positibo eman zuten probetan. Positibotasun tasa %7,1ekoa da gaur hiru lurralde horietan. Nafarroan, aldiz, Osasunbideak 2.829 PCR eta antigeno proba egin zituen atzo, eta 185 kasu positibo atzeman zituen, positibotasun tasa %6,5ean kokatuz. Nafarroan ia puntua egin du gora tasak, atzo %5,6koa zela jakinarazi baitzuen Nafarroako Gobernuak.
Herenegun, ostiralean, 17.555 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta, guztira, 1.286 kasu positibo zenbatu zituzten. Atzo, beraz, herenegun baino 2.675 test gutxiago egin zituzten, eta baieztatutako kasuak ere 246 gutxiago izan ziren.
Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 74 pertsona gehiago eraman zituzten erietxera, Osasun Sailaren arabera “COVID-19agatik”. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) 154 pertsona daude gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasaren zenbatekoa den bihar zehaztuko du Osasun Sailak.