Beste hamasei kasurekin, gorantz egin du berriro intzidentzia tasak

Andoni Elduaien 2021ko ots. 1a, 13:21

Beste hamasei positibo detektatu ditu Osakidetzak Zumaian pasa berri den asteburuan. Ondorioz, beherantz zetorren intzidentzia tasak gorantz egin du berriro, eta 478,27an kokatu da. 

90 kasu positibo hauteman dituzte asteburuan Urola Kosta eskualdean. Kasuen herena baino gehiago Azpeitian zenbatu dituzte. Zarautzen, Zumaian eta Orion ere hamar kasutik gora baieztatu dituzte.

Ostiralean itzuli zen Zumaia eremu gorritik laranjara 437,57ko tasarekin, baina asteburuko hamasei kasuen ondoren berriz ere gora egin du intzidentzia tasak; 478,27koa da tasa egun. Ostiralean zazpi kasu hauteman zituzten Zumaian, bost larunbatean eta lau atzo, igandea.

Azpeitian kasuak etenik gabe ari dira zenbatzen, eta eskualdeko positiboen herena baino gehiago han atzeman dituzte. Ostiraletik igandera bitartean beste 35 positibo zenbatu dituzte: hamazazpi ostiralean eta bederatzina larunbatean eta igandean. Intzidentzia tasa 1.320,63koa da Azpeitian.

Zarautzen, bestalde, eremu laranjan sartu dira asteburuan hamazazpi kasu baieztatu ondoren; zazpi zenbatu zituzten ostiralean, eta bosna larunbatean eta igandean. 265,56koa zen intzidentzia tasa han ostiralean, baina nabarmendu egin du gora, eremuz aldatzeraino; orain 312,67koa da tasa.

Orion eremu gorrian hondoraino sartuta jarraitzen dute. Asteburuan beste hamar kasu positibo zenbatu dituzte han, eta 1.304,63koa da intzidentzia tasa. Hamar kasuetatik zortzi ostiralean detektatutakoak dira. Larunbatean eta igandean, berriz, kasu positibo bana zenbatu zuten Orion.

Eskualdeko gainerako herriei erreparatuta, Azkoitian sei kasu zenbatu dituzte, bi ostiraleko probetan eta lau atzo, igandean. Eremu laranjan jarraitzen dute Azkoitian, baina intzidentzia tasa 425,60koa da. Zestoan, berriz, lau kasu positibo baieztatu dituzte ostiraletik atzora bitartean. Kasuen erdiak ostiralean zenbatu zituzten, eta bana larunbatean eta igandean. Aian eta Getarian, ostera, kasu bakarra atzeman dute. Getarian ostiralean detektatu zuten eta Aian atzo. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, bestalde, ez dute kasu berririk hauteman.

Kopuru altuetan

Hego Euskal Herrian berriz 1.114 kasu berri zenbatu zituzten atzo, igandea. 11.632 test egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 952 kasu berri atzeman zituzten; positibotasun tasa, beraz, %8,2an kokatu zen. Lurraldeka aztertuta, beste behin Bizkaian baieztatu zituzten kasu gehien: 474 kasu positibo; Gipuzkoan, 317 kasu positibo; Araban, 149 kasu positibo. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamabi laguni ere positiboa atzeman zioten. Nafarroan, ostera, 2.993 PCR eta antigento test egin zituzten atzo, eta 162 kasu berri zenbatu zituzten. Hori horrela, positibotasun tasa %5,4koa izan zen lurralde horretan.

Erietxeen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak. Atzo, beste 53 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur-gaurkoz 632 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan ospitaleratuta. Zainketa berezia behar duten pertsonak, aldiz, 160 dira. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea zenbatekoa den ere jakinarazi du Osasun Sailak. Hiru lurraldeen batez bestekoa 1,03ekoa da; Gipuzkoakoa, berriz, 1,07ekoa.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide