Izurriteak ez du etenik, eta egun batean datu nahikoa onak izateak ez du esan nahi hau amaitu denik. Herenegun kasu bakarra izan zen, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak beherantz egin zuen; atzo, berriz, beste zazpi kasu izan ziren herrian, eta tasak gorantz egin du berriro: 488,45eko tasa du gaur egun Zumaiak, bezperan baino 31 puntu gehiago. 500eko langatik hurbil jarraitzen du herriak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian emandako datuen arabera, 40 positibo izan ziren atzo Urola Kostan; bezperan baino 22 kasu gehiago dira. Zarautzen eta Azpeitian izan dituzte kasu gehien; hamabina, hain zuzen ere.
Herenegun bost positibo izan zituzten Azpeitian; atzo, berriz, hamabi, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak oso goian jarraitzen du herrian. 1.268,07ko tasarekin eskualdeko handiena du Urola Erdiko herriak.
Zarautzen ere gorantz doa positibo kopurua. Atzo beste hamabi kasu izan zituzten, eta sei herenegun. Eremu laranjan dago kostalde herri honek, eta tasa oraindik ere oso kezkagarria ez bada ere –359,79koa du–, positiboen hazkunde handia izaten ari dira herrian: 47 kasu izan dituzte Zarautzen astebeteko epean.
Oriok eremu gorrian jarraitzen du, eta tasak oraindik oso goian jarraitzen du: 1.223,09ko kasu metatuen tasa dute Orion. Atzo beste hiru positibo izan zituzten herrian. Zestoak ere milako langatik gorako tasa du gaur egun. Atzo beste lau kasu izan zituzten, eta 1.052,90eko tasa dute. Azkoitian, berriz, bi kasu izan zituzten, eta eremu laranjan jarraitzen du 417,26ko tasarekin. Eskualdeko bost herritan ez dituzte positiborik izan: Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, hain zuzen ere.
Mila kasutik gora Hego Euskal Herrian
Ohitzen hasiak gara, baina Hego Euskal Herrian egunero mila kasutik gora izatea kezkagarria da. Osakidetzaren datuen arabera, 1.057 positibo atzeman zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 16.592 probatan. Positibotasun tasa %6,4koa izan zen atzo. Lurraldeei dagokionez, Araban 163 kasu izan zituzten, Bizkaian 553 eta Gipuzkoan 333. Beste lurralde batzuetako zortzi lagunek ere eman zuten atzo positibo. 98 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzako erietxeetan, eta ZIUn 155 lagunek jarraitzen dute ingresatuta.
Astelehenean izandako gorakadaren ostean, astearte honetan behera egin dute kasuek Nafarroan, 160 zenbatzeraino, Foru Gobernuak emandako behin behineko datuen arabera. Positiboen tasa ere jaitsi egin da, %6,2tik %4,7ra. PCRak eta antigenoak batuta, guztira 3.394 proba egin zituzten atzo.