Intzidentzia tasak hogei puntu egin du behera herrian

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 5a, 13:13

Positibo bakarra izan zen atzo Zumaian, eta intzidentzia tasak hogei puntu egin du behera, 447,75ean kokatuz. Tasak behera egin du azken bi egunotan, eta eremu laranjan jarraitzen du herriak. 

Zumaiak arnas pixka bat hartu du azken bi egunetan. Atzo kasu bakarra izan zuten –bi herenegun–, eta tasa hogei puntuan jaitsi da: 447,75ko kasu metatuen tasa du Zumaiak gaur gaurkoz, eta eremu laranjan jarraitzen du. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, hogei positibo detektatu zituzten atzo Urola Kostan, eskualdeko zazpi herritan banatuta. Azpeitian, Orion eta Zarautzen izan ziren atzo kasu gehien, bosna. Guztira, bezperan baino lau kasu gehiago dira, baina asteartean baino hamasei gutxiago.

Azpeitiak eremu gorrian jarraitzen du. Atzo detektatutako bost positiboen ondoren, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 1.116,95ean dago Urola erdiko herrian; bezperakoa baino hiru puntu txikiagoa da. Beraz, oraindik ere luze jarraituko du herriak gorriz margotuta. Kilometro gutxira, Azkoitian, egoera oso bestelakoa da. Atzo positibo bakarra izan zuten, eta eremu laranjan jarraitzen du herriak, 367,19ko intzidentzia tasarekin. 

Gorriz jarraitzen duen beste herria Orio da. Hemen ere bost positibo izan zituzten atzo, eta tasa 1.272,02an kokatu zen. Azpeitian ez bezala, Orion gorantz egin du intzidentzia tasak: bezperan baino 49 puntu handiagoa dute gaur gaurkoz.

Aiak ere milatik gorako tasa zuen atzo: 1.057,93koa, hain zuzen ere. Osakidetzak beste bi kasu detektatu ditu herrian, eta oraindik ere itxita jarraituko du herriak azken erabakiaren arabera.

Positiboak izan dituzten beste bi herriak Zarautz eta Zestoa izan dira; bost positibo eta kasu bat izan dituzte, hurrenez hurren. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, aldiz, ez dituzte positiborik izan.

Positibo kopuruak behera Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian mila kasutik gorako langa pasatuta jarraitzen dugu. Osakidetzak 921 kasuren berri eman du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 15.486 proba egin ziren atzo, eta positibotasun tasa %5,9koa izan zen hiru lurraldetan. Araban 151 positibo izan zituzten, 479 Bizkaian eta 281 Gipuzkoan. Beste lurraldetako hamar lagunek ere positibo eman zuten. Beste 95 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta, kezkagarriagoa dena, 162 pertsona daude Osakidetzako erietxeetako ZIUetan, bezperan baino sei gehiago.

Nafarroan, aldiz, 225 positibo atzeman dituzte ostegun honetan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. 3.248 proba diagnostiko egin dituzte –bezperan baino 576 gutxiago–, eta horietatik %6,9 positibo izan dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide