Ia urtebete da pandemia egoeran gaudela. Iazko otsailetik hona zertan aldatu zaizue egoera?
A.L.: Aurreko urteko konfinamendua iritsi aurretik denboraldi txarra egiten ari nintzen. Hemezortzi urte daramatzat hemen lanean, eta ordutik asko aldatu dira gauzak: teknologia berriak, erosteko modua… Gainpresio bat da, iaz jada igartzen hasi nintzena. Pandemiari alde positiboa ikusi nahi diot; kontsumo basati hori gerarazi du, ez dugu hainbeste behar, denok berdinak gara. Lehen gaizki geunden; orain okerrago, hori horrela da. Hala ere, etxealdiko egoera baino okerragoa da oraingoa: zabalik izatea ezer ez saltzeko.
Pertsonalki egoera gaizki daramat, baina ari naiz gutxiago eragiteko ariketak egiten. Nik hemen hartu nahi dut erretiroa.
I.O.: Martxoan itxi genuenean kolekzio berriarekin geunden. Bi hilabete itxita igaro ondoren, udan zabaldu genuen berriz ere denda, eta udaberriko arropa hori guztia saldu ezinik geratu ginen. Diru asko da, eta langileak ere ERTEra bidali behar izan genituen. Otsailean bost ginen, eta hiru gara orain. Hiru denda gara, eta bakoitzak denda batean egiten du lan.
Bi hilabeteko itxialdi haren ostean, jendea erraz itzuli al zen dendetara?
A.L.: Bai. Herritarrengandik ikusi dut bertan kontsumitzeko ahalegina. Hala ere, guztia sare sozialetan-eta mugitzen da, eta ez ditut ondo menperatzen.
I.O.: Bai. Bonoen kanpaina lagungarria izan zen guretzat. Jende asko animatu zen, eta uste dut jendea asko inplikatu dela herriko dendetan. Erantzuna ona izan da.
Itxialdian Internet bidezko salmentak asko ugaritu ziren. Itxialdia eta gero ohitura horri eutsi al dio jendeak?
A.L.: Hau guztia pandemia baten edo interneten ondorioz galtzeak min egiten du. Amazon egunero dabil bueltaka, eta badira paketeak jasotzen ditudan egunak ere, bezeroak etxean ez daudelako. Ez zait inporta hori egitea, baina kontuan hartu beharra dago oztopo bat izan daitekeela komertzio txikiarentzat.
I.O.: Arropa probatu egin behar da. Pentsatu genuen online saltzea, baina arazoa zen nola itzuli arropa, aldaketak nola egin… Bono batzuk atera genituen denda zabaltzean erabiltzeko, eta ondo erantzun zuen jendeak. Gazte gehiago etorri dira dendara, lehenago etortzen ez zirenak; konfinamendu perimetrala izan daiteke arrazoia.
Beraz, ez daukazue esaterik pandemiagatik salmentetan sekulako jaitsiera izan duzuenik…
I.O.: Uda aldean igarri genuen jende asko ez zela etorri. Salmentak jaitsi dira, baina ez hainbeste. Gehiago igarri zen hasieran. Zabalik izan dugunean jendea gogotsu etorri da erostera.
Zuen kasuak aparte utzita, herriko beste merkatariek ere gauza bera al diote?
A.L.: Giroa tristea da. Bakoitzak bere heldulekuak bilatzen ditu. Nire kasuan, pentsatzen dut garai hobeak etorriko direla eta nire lana gustatzen zaidala. Udalaren, Gerturen eta aholkularitzaren babesa badut. Hutsuneak estaltzeko laguntzak dira, baina bestela, minus horiekin zulo handia egin dezakezu. Otsaila ere hilabete txarra izaten da… Santelmoak pasa arte ez da negua pasatzen.
I.O.: Ez dakit. Elikagaien dendak-eta oso ondo ari dira lanean, esaterako. Gainontzekoak ez dakit… Nik uste dut kaltetuenak ostalariak eta hotelak izan direla. Horiek itxita egon dira.
Zuentzako, berez, Gabonak izaten dira urteko garairik indartsuenetakoa. Beste urteetakoekin alderatuta, zer moduz joan dira?
A.L.: Nik zortzi hilabete lehenago eskatu behar izaten ditut bildumak. Zaila da aurreikuspenak egitea. Fabrikatzaileak ere kate bat dira: batzuk beldurtuta daude, eta beste batzuk asko ari dira saltzen, esaterako, etxeko zapatilen fabriatzaileak.
I.O.: Ondo joan dira. Herriko jende pila batek erosi du herrian.
Gabon garaira arte galarazita egon zen herritik irtetea; Gabonetatik Erregeak pasa bitartean, baimenduta; eta orain, berriz ere itxita daude herriak. Antzeman al duzue aldaketa horien eraginik?
A.L.: Konfinamendu perimetralaren ondorioz, hemen kontsumitzen dute herritarrek, baina asteburu batzutan igartzen dut kanpoko jendea falta dela. Konfinamendu perimetrala altxatzearen esperantzarekin egin ditut hemendik hilabete batzuetarako eskaerak, baina esperantzak ez ditu fakturak ordaintzen. Ez naiz lasai bizi, baina aurrera egin beharra dago. Bi denda ditugu. Itxita egotea errentagarriagoa da; bestea itxi egin genuen, baina zerbitzu bat eman beharra dago. Proban nago aste hauetan. Langile bat kontratatuta edukitzea, telefonoa, alokairua… diru asko da, eta inor ez da horretaz jabetzen.
I.O.: Hori asko nabaritzen da. Getariako dendan, batez ere: 2.000 biztanle dira han, eta egoera okerragoa da. Jatetxeetara joaten da jendea bertara, eta gugana jendea errebotez heltzen da. Jatetxeak itxita daude, ordea.
Orain beherapenetan zaudete. Zer moduz doaz salmentak?
A.L.: Beherapenetan jarraitzen dut. Salmentak igo dira zerbait. Ohartu naiz stock-a ia urtero bera dela, baina badut dendan salgai berezien txoko bat. Outlet-a eskaintzen dut eta eskaparatean jartzen ditut salgai horiek: jendea ez dago horrela erostera ohituta, eta gerturatzeko modu bat izan daiteke.
I.O.: Guk amaitu ditugu beherapenak. Saldu dugu, egia esan.
Urtebete honetan laguntzarik jaso al duzu pandemiaren ondoriei aurre egiteko? Ze erakundetatik eta zenbateko laguntzak izan dira?
A.L.: Zumaiako Udalak asko lagundu digu, egia esan. Harreman zuzena izan dugu, eta entzun egin digute. Babestua sentitzen naiz, lehen ez bezala. Egun batetik bestera etorri zaigu gainera guztia, baina alderdi on horrekin geratu nahi dut.
Konforme zaudete jasotako laguntzekin?
A.L.: Bai. Mankomunitateak ere lagundu digu hasierako bultzada horrekin, baina gero zuk zeuk egin behar duzu aurrera.
I.O.: Guk ere jaso dugu mankomunitateko laguntza. Ezer baino hobea da; lagundu digu. Beste laguntza bat egon zen birusaren zabalpena ekiditeko materiala erosteko, baina guk desinfektanteak bakarrik erosi ditugu, eta ez genuen laguntza hori eskatu.
Momentuz tabernak irekita daude Zumaian, baina beldurrik ematen al dizue itxi behar izateak?
A.L.: Ni pozten naiz tabernak orain zabalik egoteaz. Hala ere, leku eder batean bizi gara, eta jendea kalean ibili dela esango nuke. Ez dut ezberdintasunik igarri.
I.O.: Kate bat da dena. Zu herri batera bazkaltzera joaten bazara, gero dendak ikusten dituzu. Jendea triste dago. Indibidualizatu egin gaitu honek. Jendea haserre ikusten dut, gainontzekoek egiten dutenari begira ere bai asko...
Zer mezu helarazi nahi zeniekete herritarrei?
A.L.: Aldarrikatzen dudan gauza bakarra lana egin ahal izateko eskubidea da. Niri asko gustatzen zait nire ofizioa. Zapaten lokarriak lotzeko makurtzen den horietakoa naiz, bezeroei galdetzekoa…
I.O.: Animoak eman nahiko nizkieke. Hau pasako da, eta aterako gara hemendik. Aurrera egin eta elkarri laguntzea besterik ez dugu. Herria hori da: bakoitzak zerbait egitea, elkarri laguntzeko eta aurrera egiteko.