Udaleku ibiltarirako langile bila ari da Uema

Dorleta Agiriano Lai 2021eko otsailaren 9a

Ekainaren 28tik uztailaren 4ra egingo dute udaleku ibiltaria, Zumaian hasi eta Lekeitiora arte. Aisialdiko begiraleak eta sukaldariak behar dituela jakinarazi du Uemak.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) udaleku ibiltaria antolatu du datorren udarako. Zumaian hasi eta Lekeition amaituko da, eta astebete iraungo du: Zumaiatik Itziarrerako joango dira ekainaren 28an, Itziarretik Ondarroarako bidea egingo dute ekainaren 28tik uztailaren 1era bitartean, eta Ondarroatik Lekeitiora mugituko dira uztailaren 1etik uztailaren 4ra bitartean.

Dena den, udaleku ibiltarirako langile bila ari da Uema. Hain zuzen, aisialdirako begiraleak eta sukaldariak behar ditu, eta harremanetan jartzera dei egin die interesdunei. Martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dira curriculumak hezkuntza@uema.eus helbide elektronikora; gero, kontratazioak egiteaz arduratuko den enpresaren esku utziko diru agiriak Uemak. Apirilaren 15ean jakinaraziko dute zein langile kontratatuko dituzten udaleku ibiltarirako.

Uemaren hitzetan, ondoko ezaugarriak hartuko dituzte kontuan hautaketa egiteko:

  • Begirale titulua izatea.
  • EGA edo bere baliokidea izatea.
  • Hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea edo burutzen egotea.
  • Lan eskarmentua antzeko lanetan.
  • Euskararekiko sentsibilizazioa.
  • Taldean lan egiteko erraztasuna.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide