Darahli elkarteak "hil ala biziko" diru bilketa kanpaina abiarazi du

Maria Maya Manterola 2021eko otsailaren 10a

Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko gerra berriki pizteak egoera larriagotu du, elkartearen arabera. Urtero-urtero supermerkatuetan egiten duten elikagai bilketa ezin izan dute egin, baina diru bilketa kanpaina jarri dute martxan.

Errefuxiatuen kanpamenduetako sahararrak laguntzeko Karabana Solidarioa martxan da. Aurtengoan ezin izango dituzte, ordea, elikagaiak jaso, baina "hil ala biziko" diru bilketa kanpaina jarri du martxan Darahli elkarteak. Saharako Ilargi Erdia Gorria erakundeari bidaliko diote bildutako dirua, eta erakunde hori arduratuko da elikagaiak erosi eta familien artean banatzeaz. 

Gerra berriki piztu da Fronte Polisarioaren eta Marokoren artean. Testuinguru horrengatik, egoera larriagotu egin da, Darahliren ustez. Elkarteak nabarmendu du kanpainak esangura handia duela.

Ekarpena egiteko deia

Zumaiako eta Urola Kostako herritarrak ekarpena egitera deitu ditu Darahlik: "Aurtengoan ezin izango dira elikagaiak supermerkatuetan bildu, eta, horrenbestez, dirua jasotzeko kanpaina bat egitea bururatu zaigu. Diru guztia, noski, jakiak erosteko eta horiek Tindufeko errefuxiatuen  kanpamenduetara bidaltzeko baliatuko dira”. 

Ekarpenak otsailean zehar jasoko dituzte, Bizum aplikazioaren edo ohiko banku transferentzien bitartez:

Laboral Kutxa: ES05 3035 0037 4103 7005 0791 
Kutxabank: ES08 2095 5174 9091 1793 1051 
Bizum: +34 605701463
(Dirua sartzean janaria kontzeptua jarri transferentzietan).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide