"Babestu" ahal izateko aholkularitza juridikoa emango du GKSk hilaren 20an, tailer bidez

Dorleta Agiriano Lai 2021eko otsailaren 10a

GKSren aurkezpena Torreberrin.

Haserrea antolatu, askatasunak hedatu kanpainaren barruan egingo dute saioa, Torreberrin. Helburua izango da, hain zuzen, polizien "jokabide arbitrarioen aurrean babestu ahal izateko oinarrizko informazioa partekatzea", besteak beste, identifikazioak nahiz "tentsio egoerak" hizpide hartuta.

Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) urtarrila amaieran aurkeztu zuen kanpaina berri bat, Haserrea antolatu, askatasunak hedatu lelopean. Pandemia testuingurua aztertuta, bi auzi nagusi jarri zituzten jo-puntuan GKSko kideek: batetik, hainbat mekanismoren bidez (esaterako, "masa-hedabideen" bidez) gazteria "kriminalizatzen" ari direla salatu zuten eta, bestetik, larrialdi egoera "baliatuta", "kontrol soziala eta poliziaren jazarpena nabarmen hazten" ari direla seinalatu zuten.

Bigarren auzi hori lantzeko, bi saio antolatu dituzte hurrengo asterako, Zumaian bata eta Zarautzen bestea. Hurrengo larunbatean, otsailaren 20an, izango da Zumaiako saioa: aholkularitza juridikoa eskaintzeko tailerra. Saio horretan, hain zuzen, polizien "jokabide arbitrarioen aurrean babestu ahal izateko oinarrizko informazioa partekatuko" dute hizlariek, hainbat galdera-erantzun oinarri hartuta: "Noiz eska diezadakete identifikatzeko? Nola jokatu tentsio egoera baten aurrean?". Torreberri gaztetxean izango da tailerra, 17:00etan hasita.

Urola Kostako GKSk protestara deitu zuen Zarautzen joan den larunbaterako, "osasun-hondamendia" eta horri ematen ari zaion "aterabide poliziala" salatzeko. Osasun-krisiari, "osasun-baliabideen horniduraz aurre egin" beharrean, gobernuek "kriminalizazioaren, errepresioaren eta askatasunen ezabapenen bitartez" erantzun nahi diotela adierazi zuten GKSko kideek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide