Beste kasu positibo bat baieztatu dute Zumaian

Onintza Lete Arrieta 2021ko ots. 11a, 13:31

Eremu laranjan jarraitzen du Zumaiak, 345,99ko intzidentzia tasarekin. Hego Euskal Herrian ere beheranzkoa da joera.

Osasun Sailaren txostenaren arabera, beste kasu positibo bat zenbatu dute Zumaian egindako PCR eta antigeno probetan. Zumaiak ere eremu laranjan jarraitzen du, 345,99ko tasarekin. Herenegun lau kutsatu berri egon ziren, eta azken datu hori positiboa da, hortaz.

Urola Kostan, berriz, 20 positibo berri baieztatu dituzte. 10 kasuren berri eman zuten asteartean (asteleheneko datuez), baina ordutik gora egin du: 21 herenegun, eta 20 atzo.

Eremu gorrian jarraitzen dute Azpeitiak eta Oriok, baina bietan jaisten ari da 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa: egun bakarrean, Azpeitian 814,72tik 716,16ra jaitsi da, atzo beste lau positibo zenbatu ziren arren; eta Orion 1.043,71tik 782,78ra. Atzo bi positibo berri zenbatu zituzten herri horretan, bezperako kopuru bera. Azken zazpi egunetan gehienez bost positibo berri atzeman dira herrian, eta horrek lagundu du tasa dezente jaisten. Eremu laranjara pasatzetik urrun daude bi herri horiek, ordea. Eta ikusi egin behar atzotik ostalaritza guneak zabaltzeak egoera okertuko duen ala ez. Eusko Jaurlaritzak argi dauka baietz, epidemiologoak ere publikoki agertu dira EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka eta baliteke Labi batzorde teknikoak bihar neurriak zorroztea erabakitzea ostalaritza sektoreari.

Zestoa da beste arreta guneetako bat eskualdean, gorantz doalako kutsatu kopurua eta tasa: lau positibo berri zenbatu ziren atzo (zazpi azken hiru egunetan). 564,97koa da tasa orain, eta 487,93an zegoen atzo. Eremu gorrian sartu arren, 5.000 biztanletik beherako herria da, eta oraingoz neurri berezirik ez hartzea erabaki dute adituek.

Zarautzen beste bederatzi kasu berri zenbatu ziren atzo, baina tasa ez da askorik mugitu, eta 372,64koa da gaur-gaurkoz. Eremu laranjan jarraitzen du eskualdeko herri handienak. 

Eskualdeko sei herritan ez da positibo berririk egon atzo; izan ere, Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Errezilen, Beizaman eta Getarian egunak daramatzate kutsatu berririk gabe.  Aian 100.000 biztanleko metaturiko tasa 554,16ra jaitsi da, azken sei egunetan kasurik agertu ez denez. Aizarnazabalen ere, bare-bare dago azken egunetan kontua, eta tasa hutsean dago. Baita Errezilen eta Beizaman ere.

Atzoko datuei esker, Azkoitian 267,04ra jaitsi da tasa (bezperan hiru positibo egon ziren). Getarian are baxuagoa da tasa, 106,01.

Beheranzko joera

Hego Euskal Herrian 781 kasu berri atzeman zituzten atzo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 13.820 test diagnostiko egin ziren, eta, haietatik, 684 positiboak izan ziren: 100 positibo atzeman zituzten Araban, 386 Bizkaian, 187 Gipuzkoan eta 11 lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonetan atzeman zituzten. Nafarroan 97 positibo zenbatu zituzten guztira, 2.869 proba eginda.

Bezperako datuak baino hobexeagoak dira atzokoak, herenegun 835 kasu zenbatu baitzituzten lau lurraldeetan.

COVID-19aren ondorioz 70 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren eskumeneko zentroetan, eta COVID-19a duten 167 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboetako Unitateetan ingresatuta. Nafarroan 159 lagun daude ospitaleratuta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide