Torturaren Nazioarteko eguna da otsailaren 13a, eta horren harira, Zumaiako Sortuk elkarretaratzea deitu du bihar 13:00etan, Saregileen plazan. Bertan, orain dela 40 urte torturatu eta erail zuten Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra izango dute gogoan.
Zumaiako Sortuk dioenez, Euskal Herrian "milaka" izan dira "torturaren atzapar krudeletik" igaro behar izan dutenak, arduradun politikoek "eragindako kaltea aitortzeko" urratsak eman gabe ondoren. Gaineratu dute "sortutako mina" oraindik ez dela sendatu, eta hori horrela izanda, "beharrezkotzat " jotzen dute "torturaren egia" argitara ematea, "herri honek bake eta askatasun agertoki berri baten alde borrokatzeko".
Zumaiako Sorturen esanetan, 1960tik gaur egunera bitartean 30 zumaiar torturatu dituzte, guztiak Euskal Memoria Fundazioan bildutakoak. Horregatik, "mina sendatzearen ardura kolektiboki hartzeko", zenbait ekimen antolatu dituzte.
'Barruko arrastuak' dokumentala, Zumaian
Larunbateko elkarretaratzeaz gain, 'Barruko arrastuak' dokumentala botako dute otsailaren 16an, 18:30ean, Alondegiko Oxford aretoan. Oñatiko Euskal Memoria elkarteko Aritz Arnaizek sortu zuen 2013an, frankismo garaitik gaur egunera arte torturak jasan dituzten oñatiarren testigantzak argitara emateko.
Hainbat garaitan eta indar polizial desberdinen eskutik bizitako indarkeriak biltzen ditu lanak, eta lehen pertsonan, torturak sortutako eraginez mintzo dira protagonistak.
Dokumentalaz gain, solasaldia ere izango da. Joan nahi dutenek zumaia@sortu helbidera idatzi edo Inpernupe tabernako zerrendan izena eman beharko dute.