Kasu positibo bat zenbatuta, eremu horian jarraitzen du Zumaiak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 16a, 13:25

Azken datuekin intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du; 213,70ekoa da. Hego Euskal Herrian, oro har, apaltzera egin dute atzemandako kasu berriek.

Osakidetzak egunero plazaratu ohi du Koronabirusaren inguruko datu eguneratuak jasotzen dituen txostena. Kasu positibo bat atzeman dute Zumaian egindako PCR eta antigeno probetan, eta bere horretan jarraitzen du intzidentzia tasak. Hain justu, 213,70ean dago tasa.

Urola Kostan, asteburuan atzemandakoak bezain zenbaki baxuak ez diren arren, garbia da kasu berrien beheranzko joera. Hamabi positibo berri atzeman dituzte Urola Kostan, horien erdiak Zarautzen. Aurreko hiru egunetan adina atzeman zituzten atzokoan, baina intzidentzia tasa ez da igo herri horretan, mantendu egin da: 316,96ean dago zifra gaur-gaurkoz. 

Zestoan hiru kasu atzeman zituzten atzo, hori dela eta, 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasak 500eko langa gainditu du herri horretan. 539,29ekoa da tasa, baina 5.000 biztanletik beherako herria denez, ez da aplikatzen Eusko Jaurlaritzak ezarritako semaforoaren sistema. Beste bi kasu atzeman dituzte, berriz, Aian. Dena den, intzidentzia tasak behera egin du (201,51koa da gaur eta 251 zen atzo).

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten positibo berririk atzeman atzo, beraz, eremuei dagokienean, ez da aldaketa handirik izan. Eremu gorritik kanpo jarraitzen dute eskualdeko herri guztiek; eremu laranjan daude Azpeitia, Orio eta Zarautz, eta horian Azkoitia.

Beheranzko joera Hego Euskal Herrian

Urola Kosta eskualdea ez da salbuespena, izan ere, azken egunetan apaltzera egin dute Hego Euskal Herrian atzemandako kasu berriek, eta atzoko datuek joera hori berretsi dute. Denera, 11.311 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 512k eman zuten positibo. 45ek Araban, 293k Bizkaian, 106k Gipuzkoan eta 9k hiru lurralde horietatik kanpo. Nafarroan, berriz, 59 izan ziren atzemandako kasu berriak. Hala, positibotasun tasa %5 baino txikiagoa da Hego Euskal Herrian. %3,4koa da Nafarroan eta %4,7koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Dena den, erietxeetako egoerak gordina izaten jarraitzen du oraindik ere. 60 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan koronabirusagatik, eta une honetan 438 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde horietan, herenegun baino 36 gutxiago. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, koronabirusa duten 168 gaixo daude.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide