Intzidentzia tasak beherantz jarraitzen du atzo hiru positibo izan baziren ere

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 17a, 13:18

Zazpi positibo detektatu zituen atzo Osakidetzak eskualdean, eta horietatik ia erdia, hiru, Zumaian. Intzidentzia tasak, hala ere, beherantz jarraitzen du, eta 172,99ra jaitsi da. 

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Urola Kostan ere indarrean jarraitzen du beheranzko joerak, atzo zazpi kasu berri baino ez baitzituzten zenbatu eskualde osoan. Kosta aldean atzeman zituzten kasu gehienak, hain zuzen, hiru Zumaian, bi Zarautzen eta bat Orion. Dena den, hiru herrietan egin du behera 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasak: gaur-gaurkoz, 424,01ekoa da Orion, 274,13koa Zarautzen eta 172,99koa Zumaian. Zenbateko horiekin bada aldaketarik kostako semaforoko argietan, beraz: Oriok eremu laranja izaten jarraitzen du eta eremu horia Zumaiak, baina eremu laranja atzean utzi eta horira igaro da Zarautz.

Azkoitian kasu positibo bat detektatu zuten atzokoan baina, azken zazpi egunetan, bi kasu baino ez dituzte zenbatu orotara. Une honetan 150,21ekoa da intzidentzia tasa eta, hortaz, semaforoko argi horiak piztuta jarraitzen du han.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestuan ez zen emaitza positiborik izan atzoko probetan. Hala ere, 308,8ko intzidentzia tasarekin, Azpeitia eremu laranja da oraindik.

600dik behera kasu Hego Euskal Herrian

Atzo 13.463 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, herenegun baino 2.152. Hala, emaitza positiboen kopurua ere herenegungoa baino altuagoa izan zen atzokoan: 512 kasu positibo baieztatu zituzten herenegun, eta 559 atzo –327 Bizkaian, 109 Gipuzkoan, 60 Nafarroan, 56 Araban eta zazpi beste lurralde batzuetan–.

Atzo %4,6koa izan zen positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino puntu bat gutxiago. Nafarroan, aldiz, atzokoan erregistratu zuten positibotasun tasarik baxuena uztailaren 16tik: %2,3.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide