Positiboek azken egunetan gora egin badute ere, eremu horian jarraitzen du Zumaiak

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 19a, 13:08

Beste bi positibo zenbatu ditu Osakidetzak Zumaian, eta hamabi dira azken zazpi egunotan herrian izandako kasuak. Hala ere, eremu horian jarraitzen du Zumaiak. 

Azken egunotan positiboen hazkunde txiki bat bizi izan da Zumaian. Hamabi kasu izan dira azken zazpi egunotan herrietan eta horietatik 11 azken lau egunotan. Atzo beste bi kasu detektatu zituzten herrian. Hala ere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunotako kasu metatuen tasari dagokionez eremu horian jarraitzen du herriak. 213,70 puntuko intzidentzia tasa du Zumaiak gaur-gaurkoz.

Eskualde mailan bederatzi kasu atzeman zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Albiste pozgarria da Urola Kostako herri guztiak eremu horira pasa direla.

Bederatzi kasu hauetatik ia, lau, Zarautzen detektatu ditu Osasun Sailak. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du herrian, baina oraindik ere horiz margotuta jarraitzen du Zarautzek. Gaur-gaurkoz 278,41 puntuko intzidentzia tasa dute zarauztarrek. 

Aian, Getarian eta Zestoan, berriz, kasu bana izan dituzte. Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen eta Orion, berriz, ez dute positiborik zenbatu azken egun honetan. 

Kasuak behera Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herri mailan ere beheranzko joera hartu du izurriteak. 570 positibo izan ziren atzo lau lurraldetan. 

10.234 proba egin zituen atzo Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 505ek eman zuten positibo; %4,9ko positibotasun tasa izan zen atzo hiru lurralde hauetan. Araban 67 kasu izan ziren, 284 Bizkaian eta 149 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpoko bost lagunek ere positibo eman zuten atzo. 

Erietxeetako datuei dagokionez, atzo beste 54 lagun ingresatu zituzten Osakidetzako ospitaleetan. Gaur-gaurkoz, 391 lagun daude ospitaleratuta, eta horietatik 156 ZIUetan. Bezperan baino hiru lagun gehiago dira. 

Nafarroan, berriz, ehun kasutik behera izan dituzte beste behin ere. 65 positibo detektatu zituzten atzo egindako 1.793 probatan. Ondorioz, positibotasun tasa %3,6ra jaitsi da lurralde honetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide