Erretratua

Ana Egaña, ofizioa eta afizioa bat

Onintza Lete Arrieta 2021ko ots. 21a, 09:00

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele Gorroño

Mendiak ematen dizkio Ana Egaña irakasle zumaiarrari asteari aurre egiteko "indarra eta bitaminak". Mugimendua aisian, eta mugimendua lanean, Herri Eskolako gorputz hezkuntzako irakaslea delako, baita IKT arduraduna ere. Esan du neuronak astintzen gorputza astintzen baino ordu gehiago pasatzen dituela.

Badira energia eta indarra transmititzen duten pertsonak. Barne indar hori nabari zaio, bor-bor, Ana Egañari (Zumaia, 1963). Mendiak ematen omen dio behar duen bitamina, eta berak, aurrez aurre jartzen zaion orori. "Zorte ikaragarria daukat gustuko dudan horretan lan egiteagatik". Honezkero herri osoak daki zer duen gustuko Egañak: mugimendua, kirola. Ez alferrik, hamaika arlotan aritua da txikitatik: eskubaloian, korrika, surfean, paletan, arrantzan, patinetan, mendiz mendi... Azken bi horiek ditu maiteen, eta azken boladan, baita beste bat ere: "Inoiz ez nukeen pentsatuko, baina yoga egiten hasi nintzen, eta engantxatuta nago, emozionatuta". Azaldu du urteekin ikasi duela barrura begira egin behar dela lanketa, baita kirolean ere, eta hori transmititzen saiatzen da lanean ere. Gorputz hezkuntzako irakaslea da: "Belaunaldi mordoa pasa ditut, 30 urte daramatzadalako, beti herrian bertan, Herri Eskolan". Asko aldatu dira urteotan soinketako eskolak, kontzeptua bera ere aldatu den heinean. "Etengabe ari gara berritzen, mintegietara joaten gara hamabostero beste irakasleekin harremana izateko, esperientzia partekatzeko". 


Ororen gainetik, baina, Egañak hiru gauza irakatsi nahi dizkie umeei: "Berdintasuna, errespetua eta maitasuna". Eguneroko lanean ideia horiek lantzen ditu, eta argi du hezkuntzaren helburua zerk behar lukeen: "Oso-oso garrantzitsua da ume eta gaztetxoek beren buruak ondo ezagutzea, zer diren, zer duten gustuko, zertan diren abilak, are gehiago hain aldakorrak diren garai hauetan. Kanpora begira bizi gara asko, besteei begira, eta barrura, norberari begiratzen ikasi behar dugu". 

Berak ere begiratzen du barrurantz. “Konfinamenduan hasi nintzen yoga egiten. Ez nuen inoiz pentsatuko hainbeste gustatuko zitzaidanik, beti oso mugitua izan naizelako. Baina orain, behar dut hau ere. Goizero-goizero bost-hamar minutuz meditatzen dut, eta gero ariketak egiten ditut lanera joan aurretik".

Pasioz, eta maskararen atzean irribarrea soinean duela eman ditu azalpenak. Gorputz hezkuntzako eskolak ere halaxe ematen ditu, gogotsu, aurtengo urtea oso urte berezia izaten ari den arren. “Zer pentsatu nuen esan zidatenean maskarekin egin beharko zutela soinketa ikasleek? Ezinezkoa zela”. Baina berehala ohartu zen posible zela. “Hala ere, ahal nuen guztietan aire zabalera eramaten nituen ikasleak. Orain, urteko programa betetzen ari gara batez ere. Gorputz adierazpena lantzen ari gara”. Luze eta zabal mintzo da gorputz hezkuntzak hartzen dituen ertz anitzez, baita haren onurez eta haren garrantziaz ere. Onura fisikoak zein mentalak eta emozionalak aipatu ditu. Pertsona baten ongizateari egiten dion mesedea, azken batean.

Kirola egiteaz gain, kirola jarraitu ere egiten du. “Esku pilota ikustea asko gustatzen zait. Aimarren jarraitzaile amorratua naiz”, aitortu du. Gehien jarraitzen dituen kirolariak, ordea, etxekoak ditu: Ander Torriko, Kauldi Odriozola eta Mikel Martinez. “Ilobak ditut hirurak, eta pandemia iritsi aurretik batera eta bestera joaten ginen haien partidak ikustera. Bide batez, mendi bueltak egiteko aprobetxatzen genuen”. Lotura handia du eskubaloiarekin. “Txikia nintzenean mutilen taldea bakarrik zegoen, eta neskak hor ibiltzen ginen baloia hartu eta geure kasa. Halako batean, pentsatu genuen taldea atera genezakeela geuk ere, eta entrenatzailea topatu, eta halaxe hasi ginen”. Ez ziren makalak izan, kadeteetan Espainiako txapeldun geratu baitziren. 

Herriko beste bi talde ere aipatu behar dira Egañaz ari bagara. Indamendi mendi elkartea da bat. “Gogoan dut 6 urterekin nola ahizpa eta biok joaten ginen mendira taldearekin goizean goiz esnatuta”. Eten bat egin arren eskubaloian jokatzen hasi zenean, inoiz apurtu ez den harremana sortu zen hor ere. "Umeak eduki nituenean berriz hasi ginen mendira, eta erabat engantxatuta nago orain". Gaur egun, adibidez, askotan gidari lanak egiten ditu. “GPSa erabiltzen ikasi nuen eta irteera batzuetan taldea eramaten dugu Inesek eta biok. Elkarteko batzordean aritu nintzen urte batzuez, eta oraindik ere nire alea jartzen jarraitzen dut”.  Umezalea da, eta haiei mendizaletasunaren harra sartu nahian ibiltzen da, umeentzat antolatzen diren txangoetan lagunduz.

Bigarren taldea askoz berriagoa da, askoz txikiagoa.  “Jirabira talde txiki bat da, pandemia aurretik astero elkartzen zena patinatzeko kiroldegi atzealdean. Irekia da, edonor etor daiteke. Taldekide batzuk lehiaketetara joaten gara”. Kirola bakarka ala taldean, nahiago nola izaten duen galdetuta, hauxe erantzuna: “Begira, ba, patinena talde kirola da berez, horretarako elkartzen gara, elkarrekin ibiltzeko, baina aldi berean, batzuetan bakarka ere horretantxe ibiltzen naiz. Bakarrik egoten naizen momentu gutxietako bat da, eta gustatzen zait”. Kuriosoa da nola ezagutu zuen rollerren mundua. “Orain urte batzuk eskolan kirol hori probatzeko aukera eman genien umeei, eta hala hasi nintzen ikasten. Txikitan ibilia nintzen, baina oraingo patinak alde ederrekoak dira, eta nahikoa azkar lortu nuen moldatzea. Gustatu egin zitzaidan, eta noizbehinka neu bakarrik ateratzen nintzen. Hori bai, goizean goiz egiten nuen, inork ez ikusteko. Pentsatzen nuen jendeak esango zuela ea zertan zebilen ume txiki batzuen ama patinetan, etxean umeekin egon beharrean. Sentsazio hori neukan”. Duela 30 urte inguru izan zen hori. 

Orain zazpi urte, berriz, 50 urterekin, sartu zen Donostia Roller taldean, eta ordutik erabiltzen ditu patin handiak, abiadurakoak. Izan ere, egun batean, lehiatzen ikusi zituen patinatzaileak. “Zakila bira egiten zen herrian, eta deitu zioten Donostiako klub bati, erakustaldia egin zezan. Gurpil handi haiek ikusi nituenean, ene! Pentsatu nuen horiekin hegan egingo genuela! Espezializatutako denda batera joan nintzen haien bila”. Harrezkero, lagun talde bat hara eta hona ibili izan da probetan parte hartzen. Ekin-eko Iñigo, Arantzazu, Sara... aipatu ditu. "Pixkanaka hasi ginen lehiaketetan parte hartzen eta erronkak gainditzen. Maratoi erdia, adibidez, distantzia erraza eta ona da egiteko". 

Hiru seme-alabaren ama, kirolaria, langile nekaezina... Eguna motz geratzen zaio Egañari. Hala aitortu du berak. Agerikoa da afizioentzat denbora behar duela. Lanak ere ordu asko kentzen dizkio, gorputz hezkuntza erakusteaz gain, IKTko –Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia– arduraduna baita. "Hori da inoiz amaitzen ez den lan bat, eta, gainera, horren ardura hartu nuenetik asko gustatzen zaidan mundua da teknologia berriena. Astean 12 ordu ematen ditut gorputz hezkuntzakoak; beste guztiak eta gehiago IKTrako izaten dira". Baina badu beste zera bat ere bizitzan; ez da afizioa. Obsesioa? Zaila da etiketatzen. Nola esaten zaio heriotzaz eta bizitzaren efimerotasunaz hausnartzeari, dolua lantzen dutenen ingurura biltzeari?... “Bizitza ikaragarri motza da. Urteak airean pasatu zaizkit, konturatzerako 57 urte ditut, eta ez dugu asko pentsatzen horretan, ezta heriotzaz eta doluaz ere. Niri asko interesatzen zait, eta behin herrian bertan Death Cafe saio batera joan nintzenetik, denetara joan naiz”.

"Mugimenduko gauzak probatzea gustatu izan zait beti, mugimendua gustatzen zait”, esan du elkarrizketan zehar behin baino gehiagotan. Hori da esaldi klabea Egañari buruz idaztean. Ofizioari buruzkoa da berez Erretratua. Ordea, ofizioa afizioarekin uztartu zaio: "Erretiratutakoan ere nahiko nuke nire alea jartzen jarraitu eskolan". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide