Intzidentzia tasa 200 puntuko langatik behera kokatu da Zumaian. Atzo beste positibo bat izan zen herrian, baina hala ere beherantz egin du tasak. 172,99 puntuan da tasa gaur gaurkoz.
Eskualdean bare jarraitzen du egoerak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, atzo, guztira, hamahiru positibo eta 17 zenbatu zituzten eskualdean. Herenegun baino zazpi gehiago dira, baina, hala ere, bilakaera ona da, intzidentzia tasak beherantz egin baitu 5.000 biztanletik gora herri gehienetan.
Egoerarik onena Azkoitian dute. Atzo ez zuten positiborik atzeman han, eta 58,42ko intzidentzia tasarekin, eremu berdera pasatu da herria. Eremu horretan sartzen den eskualdeko lehen herria da, gainera. Horian jarraitzen dute, berriz, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. Azpeitian eta Zarautzen hiruna positibo baeiztatu zituzten atzo eta 197,11eko eta 209,88ko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. Azpeitikoa mantendu egin da eta Zarautzekoa zertxobait jaitsi. Orion ez zuten positiborik hauteman eta 195,69koa da tasa. Atzoko beste lau positiboak Aian eta Zestoan hauteman zituzten; bina herri bakoitzean. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk izan.
Hego Euskal Herrian, bostehundik behera
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakitera eman dituzten datuen arabera, atzo, orotara, koronabirusa detektatzeko 11.926 proba egin zituzten eta horietatik 470ek eman zuten positibo; %3,9k beraz. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, 233; Gipuzkoan 103 izan ziren; eta Araban eta Nafarroan 65na.
Erietxeetako presioa ere jaisten ari da pixkanaka-pixkanaka. Atzo 44 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan eta, gaur-gaurkoz, 465 dira ospitaleratuta dauden herritarrak; horietatik 132 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Herenegun 494 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, atzo baino 29 gehiago.